Bartzelonak irabazi du 2-0 ligako klasikoa. Ezustekoa? ez; inorentzat. Talde katalanak garaipena lortzeko modua agian bai. Izan ere, 83 minutu behar izan ditu Barçak markagailuan aurrea hartzeko. Gaurko neurketan atezainak izan dira protagonista. Casillasek penalti jaurtiketa bat gelditu dio Eto’ori, kamerundarrak ondoren itzuli dion arren, eta Valdesen Real Madrilen gola ekidin du. Juande “efektuak” ez du eraginik izan Camp Nou futbol zelaian.
Guardiolaren mutilak nagusi izan dira lehen zati osoan baina Real Madrilek izan du lehen 45 minutuetako aukerarik garbiena. Drenthe Valdesen aurrean gelditu da bakar-bakarrik baina Valdes atezainak holandarraren jaurtiketa gelditu du.
Hori gertatu aurretik, talde bakarra ikusi da zelaian. Barçak goitik ekin dio presioari eta Juande Ramosen taldeak ezin izan du baloia jokatu. Bigarren minutuan ukitu du Leo Messik baloia aurrenekoz eta harmailetan zurrumurrua piztu da. Argentinarrak arriskua eraman du behin eta berriz eskuin hegaletik, baina Casillas aurkitu du aurrean. Bartzelonaren lehen aukera atezain madrildarrak gelditu du. Nagusitasun osoz, etxekoak etengabe saiatu dira baloia sarera eramaten. Messi, Eto’o eta Henry gora joan dira, baina ligako liderrak ez du azken pasean asmatu.
Tartean, madrildarrek markagailuan aurrea hartzeko parada izan dute kontraeraso pare baten bitartez, baina Barçaren defentsa bikain aritu da gaurko norgehiagokan. Guardiolak agindutako presioa hutsuneak utzi ditu atzean eta 26. minutuan Drentheren aukera. Valdes ikusgarri.
Real Madril gogotsu
Gezurra badirudi ere, golik gabe amaitu da lehen zatia. Aldageletatik bueltan, talde madrildarra gogotsuago zelairatu da baina sustoa Eto’ok eman du. Bere jaurtiketa indartsua gutxigatik joan da gora.
Bigarren zatian, indarrak parekatu dituzte bi taldeek eta joan eta etorriko neurketa bihurtu da. Partiduko jokaldi erabakigarria 23. minutuan iritsi da. Salgadok penaltia egin dio Busquets gazteari. Eto’ok bere gain hartu du erantzukizuna, baina huts egin du. Asmatu dio Casillasek kamerundarrari. Atezain-aurrelari bikotearen arteko harremanak bigarren kapitulua bizi izan du 3 minutu geroago, eta oraingoan ere, madrildarra garaile. Hirugarrenean, ordea, ez du barkatu ligako “pitxitxiak”. 38.ean Puyolek buruz baloia utzi dio Eto’ori area barruan eta oraingoan ez du barkatu aurrelariak. 1-0 eta zoratu egin da Camp Nou.
83 minutu behar izan ditu Guardiolaren taldeak markagailuan aurrea hartzeko eta 7 minututan, bi gol. Messi, gaur egun, munduko jokalaririk erabakigarriena dela erakutsi du eta maisuki gainditu du Casillas neurketako azken minutuan.
Amaieran, 2-0 Camp Nou futbol zelaian; Bartzelona liderrago eta Real Madrid 12 puntura.
Erlazionatutako sarrerak



Atalak:
Etiketak:
