Artxiboak: Abendua, 2008

Athleticek arnasa hartu du gaur urrezko hiru puntu lortuta Numantziaren aurka. Llorentek, bi golekin, talde zurigorria atera du jaitsiera postuetatik, eta Caparrosek lasaitasunez aurre egin ahal izango dio Racingen aurkako neurketari.

6 aste sailkapeneko putzuan igaro ostean eta gaur puntuak ezinbestekoak zirela jakinda, horien bila irten da Athletic partidu hasieratik. Baloiaren jabe egin eta 6. minutuan aurreneko poza eman die taldeak San Mamesen bildu diren jarraitzaileei. Yestek azkar atera du falta bat defentsa ezustean harrapatuz eta Fernando Llorentek zurigorrien lehen gola sartu du Susaetaren erdiraketa aprobetxatuta. Jokalariek bizi duten tentsioa agerian gelditu da Caparros amorruz besarkatu dutenean gola ospatzeko.

Numantzia, ordea, ez da kikildu zurigorriek aurrea hartu dutenean eta arriskua eraman du Iraizozen ate ingurura. Dena den, ez da gai izan Kresicen taldea baloia sare barruan sartzeko behin eta berriz saiatu den arren. Athleticentzat gol bateko aldea ez zen nahikoa eta bigarrenaren bila joan da. Garmendiak sartu du, baina epaileak balio gabe utzi du Llorentek baloia ikutu baitu jokoz kanpo zegoenean.

Saiatu da Bilboko taldea eta 30. minutuan saria heldu zaio. Llorentek baloia jaso du Numantziaren area inguruan. Buelta eman eta defentsa atzean utzita, Juan Pablok gelditu ezin izan duen jaurtiketa bikaina egin du aurrelari nafarrak. Momentu goxoan da Llorente eta gaur erakutsi du denboraldiko 4. eta 5. golak sartuta.

2 eta 0eko markagailuarekin, zurigorriek sufritu egin dute. Numantzia gora joan da eta gorriak ikusi dituzte Caparrosen mutilek atea hutsean uzteko. Atsedenaldia ondo etorri zaie zurigorriei eta bigarren zatiaren aurreneko minutuetan neurketa erabakita uzteko aukera izan dute, baina Susaetaren jaurtiketa langara joan da. Hortik aurrera, etxekoen helburua emaitzari eustea izan da, errenta handitzeko aukerak ere izan dituzten arren; Iraola eta David Lopez hirugarren gola sartzeko zorian izan dira.

Amaieran, garaipen garrantzitsua Athleticentzat San Mamesen. Jaitsiera postuetatik irten eta taldeari konfidantza ematen dizkioten hiru puntu eskuratu ditu gaur talde zurigorriak. Lehenbiziko match-ball-a libratu du Joaquin Caparrosek.

Erlazionatutako sarrerak