Festa handia bizi izan dute zale zurigorriek gaur San Mamesen. Athleticek maisu irabazi dio Vienako Austriari 3 eta 0 eta “L” multzoaren buruan jarri da Bilboko taldea Europa Ligako aurreneko jardunaldiaren ostean. Amestutako mendekua hartu dute zurigorriek.
Indartsu ekin dio Athleticek “areako” epaileen berezitasuna izan duen partiduari. UEFAk neurketa bakoitzean 2 epaile gehiago jartzea erabaki du eta gaurkoan egin duten lana ikusita, zalantzan jar daiteke instituzioaren erabakia. Izan ere, norgehiagoka hasi eta gutxira epaile nagusiak penaltia adierazi du Suttnerrek Susaetari egindako ustezko falta baten ostean. Bota egin da eibartarra. Fernando Llorentek asmatu egin du eta zurigorrien lehen gola igo da markagailura.
Egin beharrekoa ondo ikasita zelairatu dira zurigorriak. Aspaldiko partez, baloia ondo ukitu dute, lehen tokean jokatuta. Horren isla bigarren golaren jokaldia izan da. Etxeberriak pasea eman dio Susaetari eskuin hegalean, eibartarrak baloia jarri du penalti puntuan eta Llorentek, berriz, Safarren atea zulatu du bolea bikain batekin. 2 eta 0 eta partidua ia erabakita utzi dute zurigorriek.
Vienako Austria saiatu da aldea murrizten baina Iraizoz izan dute kanpotarrak gainditu ezineko horma. 35garren minutuan bakarrik gelditu da Diabang atezainaren aurrean baina ezin izan du baloia sarera bidali.
Aldageletara joan aurretik, Athleticek aldea handitzeko aukera izan du. Muniainek zutoinera bidali du baloia areaz kanpotik egindako jaurtiketa baten ondoren.
Bigarren zatian Caparrosen gizonen nagusitasuna areagotu egin da. Austriako taldeak erraztasunak eman ditu defentsan, baita zelai erdian ere. Baloiaren jabetza Athleticentzat izan da eta hori dela eta, gol aukera anitz sortu dituzte bilbotarrek.
49.an, Yesteren falta jaurtiketa zutoin ondotik joan da kanpora. Basauritarrak ateratako korner batean, Llorentek ezin izan du buruz baloia ate barruan sartu. Muniainek eman du zurigorrien hirugarren abisua gola egin aurretik. Dotore eta bizkortasunez gidatu du baloia gazteak area batetik bestera, baina azken pasean egin du huts nafarrak. 57. minutuan, ordea, ez du barkatu Muniainek. Iraolak hasi du jokaldia, Etxeberria eman dio baloia, honek pareta egin du usurbildarrarekin eta Iraolak berak gola oparitu dio Muniaini. Partidu borobila egin du gaurkoan Iraolak, defentsan zein erasoan. 3 eta 0ekoa.
Denbora zegoen oraindik aldea handitzeko, baina ez dute zorterik izan zurigorriek. Susaeta eta Muniain bera saiatu dira Safarren atea zulatzen, baina ez dute asmatu. Azken minutuetan zelairatu den David Lopezek langara bidali du baloia Vienako jokalari batean ukitu ostean. Markagailua ez da mugitu azken minutuetan.
Vienako Austriak kaleratu zuen Athletic talde zurigorriak Europan parte hartu zuen azken aldian, eta zurigorriek mendeku gosea asetzea lortu dute gaurko neurketarekin.
Erlazionatutako sarrerak



Atalak:
Etiketak:

[...] Amestutako mendeku [...]