Athleticek sufrituta eskuratu du gaur Kopako final zortzirenetarako txartela Recreativoren aurka. Caparrosen mutilek 2 eta 1 galdu dute Huelvan, baina Llorentek 75. minutuan sartutako penaltiari esker, zurigorriak hurrengo zozketan izango dira.
San Mamesen eskuratutako 2-0ekoarekin kanporaketa bideratuta utzi arren, gorriak ikusi dituzte bilbotarrek Kopan aurrera egiteko. Ligan jaitsiera-postuetan daude bi taldeak eta gaurko ikuskizun kaskarra ikusita, nahiko argi gelditu da egoera horri buelta ematea dela bi taldeen lehentasuna.
Buruz sartutako bi golekin aurrea hartu du Recreativok. 23. minutuan Akalek sartu du neurketaren lehen gola falta jaurtiketa baten ondoren, eta 7 minutu geroago, 30. ean, Ersen Martinek baloia sare barrura bidali eta kanporaketa berdindu du.
Alcarazen gizonek Athletici utzi diote baloiaren jabetza kontraerasoren bat aprobetxatzeko asmoz, baina zurigorriek ez diote horri etekinik atera. Bigarren zatian pixka bat suspertu eta nagusi izan dira lehoiak, baina aukera garbirik sortu gabe. Gabilondoren jaurtiketa batek, soilik, eraman du arriskua Recreativoren ate ingurura.
75. minutuan, ordea, Roberto Huelvakoen atezainak huts egin eta Ion Velez lurrera bota du area barruan. Penaltia eta Fernando Llorentek barrura.
“Garaipen” honekin, Athleticek arnasa hartu du ligako erronkari begira. Hurrengo pausua, Osasunaren aurkako derbia.
Fitxa teknikoa:
Errege Kopa 2008-09. Final hamaseirenak.
Recreativo 2: 1-0, 23. min.: Akalé. 2-0, 30. min.: Ersen Martin.
Athletic 1: 2-1, 75. min.: Llorente (p).
Recreativo: Roberto; Iago Bouzón, César Arzo, Lamas, Casado; Aitor, Javi Fuego (Jesús Vázquez, 80. min.), Rafa Barber, Akalé (Joselito, 80. min.); Adrián Colunga eta Ersen Martin (Marco Rúben, 42. min.).
Athletic: Iraizoz; Gurpegui, Aitor Ocio, Ustaritz, Koikili; Susaeta (Etxeita, 85. min.), Javi Martínez (Ión Vélez, 63. min.), Iturraspe (Pablo Orbaiz, 46. min.), Gabilondo; Garmendía eta Llorente.
Erlazionatutako sarrerak



Atalak:
Etiketak:

Aupa Athletic!!