Pasa den urtean gertatutako istiluak gogoan, Athleticek 0 eta 1 hartu du Betis mendean Ruiz de Lopera futbol zelaian. 3 puntu garrantzitsu eta denboraldiko lehen garaipena etxetik kanpo. Lasaitasunez aurre egingo dio Caparrosen taldeak gabonetako etenaldiari.
Iaz Armandori emandako “botilazoa” dela eta ez zen amaitu Betis eta Athleticen aurkako neurketa. Harmailetako giroa ederra ez zela izango jakinda, oso kontzentratuta atera dira bilbotarrak eta aurreneko minutuetan gola egiteko aukera pare bat izan dituzte. Zelai erdian jaun eta jabe izan dira zurigorriak, Betisen Emana eta Mehmet Aurelio ez dutela jokatu aprobetxatuta. Baloi anitz moztu ditu Athleticek eta hori dela eta partiduaren erritmoa eraman du.
Hala ere, arazoak izan ditu Bilboko taldeak David Lopez eta Murillo lehen ordu erdian lesionatu dira eta. Susaetak hartu du erdilariaren lekua eskuin hegalean eta Etxeita gazteak atzelariarena.
32. minutuan iritsi da Betisen lehendabiziko abisua. Riverak pasea sartu dio Sergio Garciari area inguruan eta Amorebieta gainetik kendu ostean, jokalari katalanak kanpora bota du baloia. Gora joan da Sevillako taldea eta 10 minutu geroago Sergio Garciak berak ezin izan du Ocioren huts galanta baliatu gola egiteko.
Athleticen erantzuna berehala iritsi da. Yestek kornerra atera, Susaetak aldaratzea jaso eta bere zentrua Javi Martinezek errematatu du sare barrura. 0 eta 1 zurigorrien alde atsedenaldira joateko 4 minuturen faltan. Paco Chaparroren gizonek berdinketaren bila atera dira aldageletatik eta haiek izan dute bigarren zatiko lehen gol aukera. Xiscoren burukada, ordea, gora joan da.
Athleticek ez du kanpoan irabazteko aukera alferrik galdu nahi izan eta zelai erdiko nagusitasuna baliatu du arriskua eramateko Castoren ate ingurura. Jon Velezek jaurtiketa indatsua egin du eskuinaldetik 24. minutuan baina etxekoen atezaina fin ibili da. Korner horretan, hain zuzen, partiduko abagunerik argiena. Nahastea area barruan, baloia solte, baina ez Javi Martinezek ezta Etxeitak ere ezin izan dute gola egin. Ikusteko modukoa!
Bigarren zatiko azken minutuetan Betis jo eta ke aritu da golaren bila. Athletic atzean sartu da eta amaieran gorriak ikusi ditu markagailuari eusteko. Kostatu zaie zurigorriei partidua gelditzea, moteltzea, eta Iraizozek Pavoneri 41. minutuan egindako geldiketa bikainari esker lortu dute garaipena.
Bukaeran, 0 eta 1 Ruiz de Loperan eta gabonak pozik igaro ahal izango dituzte Athleticeko jokalariek: 12. lekuan eta jaitsiera postuetatik 6 puntuetara.
Erlazionatutako sarrerak



Atalak:
Etiketak:
