Artxiboak: Otsaila, 2009
22
Ots
Egilea janirefragua
Athleticek ezin izan ditu 3 puntuak eskuratu Getaferen aurka 1-1 amaitu ostean. Iraolak penalti bat huts egin du eta banakoarekin, Llorentek kanpora bota du neurketako aukerarik argiena. Zurigorriek Coliseum Alfonso Perez futbol zelaian irabazi gabe jarraitzen dute.
Gogor ekin dio Madrilgo taldeak partiduari eta Soldadok lehen gola egiteko aukera izan du 3 minutuan, baina bere errematea gora joan da.
Getafe izan da nagusi neurketako aurreneko minutuetan eta bere nagusitasunak gola eman dio. 15.ean, Graneroren erdiraketak bigarren zutoinera Soldadoren burua topatu du 1-0ekoa egiteko. Cata Diazek Javi Martinezi aldaratzean egindako falta ez du epaileak ikusi eta gola markagailura igo da.
Athletic berehala erreakzionatu du eta 3 minutu geroago epaileak Llorenteri egindako penaltia ikusi du. Zalantzagarria. Dena den, Iraolak alferrik galdu du berdinketa lortzeko aukera. Hori izan da zurigorriek lehen zatian izan duten aukerarik garbiena. Behintzat gola iritsi den arte. Aurretik, ordea, Getafek nagusi jarraitu du, arrisku handirik sortu gabe, baina baloia kontrolatuz eta Iraizozen ate ingurura hurbilduz.
Eta atsedenaldia iristear zegoenean, Llorenteren gola heldu da. Orbaizek erdiratu, Ion Velezek baloia Llorenteri utzi eta aurrelariak buelta emanda banakoa egin du. Jacobok ezin izan du jaurtiketa gelditu.
Aldageletatik bueltan, Athletic talde sendoagoaren itzura eman du, batez ere, Javi Martinezen lanari esker. Zelai erdian baloiaren jabetza berreskuratu dute bilbotarrek eta horrekin aurrea hartzeko aukerak heldu dira. Velezek izan du bigarrez zatiko lehena eta Orbaizek bigarrena 53ean. Baina zalantzarik gabe, 2-1ekoa eskuratzeko aukerarik garbiena 72. minutuan iritsi da. Toquerok ezker hegaletik jarri du baloia area barruan eta Fernando Llorentek, bakar bakarrik, gehiegi gurutzatu du.
Azken ordu laurdenean, Getafek baloia berreskuratu du eta Athletic atzean sartu da. Saiatu dira madrildarrak gola egiten baina zurigorriek gorriak ikusi dituzte, berdinketari eustea lortu duten arren.
Amaieran, puntu bat gehiago Athleticentzat Pirinioei aurre egin baino lehenago.
Erlazionatutako sarrerak
08
Ots
Egilea janirefragua
Athleticek ezin izan du Valladolid mendean hartu eta 2-1 galdu du Zorrillan. Urte hasiera bikaina izan du talde zurgorriak baina urtarrila joan eta eten egin da bolada ona; otsailean jokatu dituzten bi partiduak galdu dituzte lehoiek. Gaur Victorrek aurreratu du Mendilibarren taldea penaltiz; Orbaizek partidua berdindu du 63.ean, baina Valladolideko aurrelariak, berriz, bigarrena sartu eta 3 puntuak eskuratu ditu bere taldearentzat. Gaurko porrotaren ondorioz, postu bat galdu du Athleticek sailkapenean; 10garren da orain, Valladolid goitik duela.
Athleticek Kopako esfortsua larrutik ordaindi du gaurkoan eta aurreko partiduetan ez bezala, gogo baino joko gehiago erakutsi du. Ez du baloia kontrolatzerik izan zelai erdian eta sakontasunik gabe jokatu du. Neurketako aurreneko minutuak joan eta etorrikoak izan dira, bi taldeak saiatu dira arriskua eramaten etsaiaren area ingurura, baina 8. minutura arte ez da aukera argirik ikusi. Iraizozek indartsu atera du baloia, Llorentek bularrez jaitsi du eta area kanpoan buelta emanda, jaurtiketa polita atera du ezker hankaz. Justo Villarrek gelditu du, ordea.
Mendilibarren gizonen erantzuna 4 minutura etorri da. Pedro Leonen erdiraketa eskuin hegaletik Jonathan Sesmak errematatu du, baina Gorkak ederki gelditu du baloia. Aurreneko 20 minutuetan, Athletic argitasun handiagoz joan da erasora. Ion Velezek izan du markagailua irekitzeko aukera, baina bere burukada Valladoliden atetik gora joan da.
Hortik aurrera, etxeko taldea nagusitu da. Bere erritmoa ezarri du eta Athletic bere zelaian sartzea lortu ere. Arazo handiak izan dituzte atzelari zurigorriek Valladoliden hegalak estaltzeko. Leonek eta Jonathan Sesmak, batez ere, Athleticeko jokalariak zoratu dituzte euren abiadura aprobetxatuta. Sesma, izan da, hain zuzen, lehenengo golean protagonista. Arean sartu da Valladolideko jokalaria eta Iraizoz gainditzen saiatu denean, lurrera joan da. Paradas Romero epaileak penaltia adierazi du, telebistan emandako errepikapenetan argi ikusi ez den arren. Victorrek ez du hutsik egin eta 1-0ekoa lortu du 38. minutuan. Golaren ostean Ustaritz erretiratu behar izan da min hartuta.
Gola kolpe gogorra izan den arren, Athletic ez da kikildu eta aldageletatik gogotsu atera da. Iraolak berdinketa eskuratzeko abagunea izan du baina ez da iritsi Yestek ateratako korner batera. Mendilibarrek ondo ezagutzen du talde zurigorria eta ez du bere talde ohia menderatzeko aukera alferrik galdu nahi izan behin markagailuan aurrea hartu ostean. Horregatik hegaletako jokoari ekin diote etxekoek. Pedro Leonen falta gutxigatik joan da kanpora 54. minutuan. Hori izan da bigarren zatiko lehen abisua. 4 minutu geroago, ordea, ez du barkatu Valladolidek kontraerasoan. Jonathan Sesma ezkerretik sartu eta bere pasea Victorrek hartu du, bakar-bakarrik, bigarren zutoinean eta Iraizoz gainditu du arazorik gabe.
Partidua ia erabakita utzi du Victorrek bigarren gol horrekin. Athleticek, ordea, hortzak estutu behar izan ditu Zorrillatik etekinik ateratzeko ahaleginean, eta 63.ean bere helburuari heldu dio. Epailearen beste erabaki estabaidatu batean, Nanok Llorenterik egindako penaltia ikusi du. Llorenteren jaurtiketa zutoinera joan da eta eskerrak Valladolideko jokalariak ez direla baloia ateratzeko gai izan. Orbaizek finago aritu da eta distantziak murriztu ditu: 2-1.
Ia ordu erdi falta zen baina lehoiak gora joan dira berdinketaren bila, batuztan, atzeko lanak ahaztuta. Goitomek birritan eman du sustoa, baina horretan gelditu da. Azken segundorarte saiatu da Athletic, ordenik gabe. 2-2koa lortzeko izan duen aukerarik garbiena Llorentek izan du baina bere erremate pattala ez du Ion Velezek hartzerik izan.
Amaieran, puntuak Zorrillan gelditu dira eta Athleticek ezin izan dio garaipenik eskaini Valladolidera inguratu diren 4.000 zale zurigorriei.
Erlazionatutako sarrerak
05
Ots
Egilea janirefragua
Luzapenean galdu du Athleticek Sevillaren aurka Kopako finalerdietako joaneko neurketan. Llorenteren golari esker aurreratu da talde zurigorria lehen zatian, baina Duscherrek berdindu eta Acostak, 91. minutuan, 2-1ekoa lortu du. Bere alde daukate Manolo Jimenezen mutilek kanporaketa, baina San Mamesen erabakiko da zeinek jokatuko duen Mestallako finala.
Partidua hasi baino ordu erdi lehenago botatako euri-jasaren ostean neurketa bertan behera gelditzeko zorian egon da. Jokatzea erabaki dute azkenean baina zelaiaren egoera nahiko kaxkarra izan da eta zailtasun handiak izan dituzte bi taldeek. Sevillak jarri du jokoa Sanchez Pizjuanen, baina bilbotarrek izan dituzte aukerarik garbienak. Norgehiagokaren aurrena David Lopezek izan du. Llorentek baloia utzi dio area ertzean eta errioxarrak buelta eman eta eskuairatik gertu-gertu joan da baloia kanpora. Zurigorrien lehenbiziko abisua.
Sevillak gola egiteko izan duen lehen abagunea 19. minutuan iritsi da. Kanouteren erdiraketa Athleticen defentsak urrundu du. Navasek aldaratzea jaso eta bere jaurtiketa Iraizozek bota du kanpora. Izugarrizko lana egin du gaur talde zurigorriaren atezainak.
Euriak eta putzuek ez dute ikuzkizuna eten. Sevilla nagusi izan da baloiaren jabetzan eta arrisku handia sortu du. 33.ean, Romaricek langara errematatu du buruz Adrianok botatako korner bat. Athleticek ere bere aukerak izan ditu gola lortu aurretik. 40. minutuan, Fernando Llorentek bularrez gelditu du Sevillako defentsaren aldaratzea eta lurra ukitu gabe Palopek kornerrera bota duen jaurtiketa ikusgarria egin du. Ez du asmatu aurrelariak jokaldi horretan; korner jaurtiketa baten ordea, saria lortu du nafarrak. David Lopezek atera du eta Llorentek atezainari aurrea hartuta sarera bidali du baloia. Zoramena Sevillara hurbildu diren zaleen artean.
Emaitza bikainarekin joan dira aldageletara Caparrosen gizonak. Bigarren zatia hasi eta 5 minutura Velezek neurketa bideratzeko aukera izan du baina behartuta iritsi da David Lopezen erdiraketara eta ezin izan du ate barruan errematatu. Sevillak ez zuen alferrik galdu nahi Kopako finalean berriz egoteko aukera eta hortzak estutu ditu. Bigarren 45. minutuetan gorriak ikusi dituzte zurigorriek atea hutsean uzteko eta azkenean ezin izan dute lortu. 59. ean Amorebieta bikain gurutzatu da eta Acostaren jaurtiketa desbideratu du. Hurrengoan, ordea, Jimenezenek ez dute hutsik egin eta area barruko nahasmena baliatu dute berdinketa egiteko. Baloia langa jo ostean Javi Martinezek desbideratu du. Baloia Duscherren hanketan gelditu eta ez du barkatu. 1-1koa Pizjuanen.
Sevilla gora joan da emaitza honekin eta ez du aldea handitu luzapenerarte Iraizozen lanari esker. 64.ean Romaricen burukadari erantzun paregabea eman dio eta 82.ean Kanouteren erremateari. Kanoute area barruan jauzi eta epaileak gertatu ez den penaltia adierazi du. Maliko jokalariak berak bota eta zutoinera joan da. Ezin zuen arren, (beste inork ez baitu baloia ukitu) bigarrenez errematatu du aurrelariak baina Iraizozek asmatu dio eta kornerrera bidali du baloia. Alferrik galdu du Sevillak bigarrena lortzeko abagunea. Berriz saiatu da Kanoute 6 minutu geroago, eta berriz topatu da Iraizozekin. 91. ean, ordea, Duscherrek Athleticen atea zulatu du defentsaren ezintasunaren aurrean. 2-1 Sevillarentzat.
Valentziaren aurkako kanporaketan gertatu bezala, andaluzek garaipena eskuratu dute azken minutuetan. San Mames, ordea, ez da Sanchez Pizjuan.
Erlazionatutako sarrerak
31
Urt
Egilea janirefragua
Athleticek 3 puntuak eskuratu ditu gaur Malagaren aurka. Maldan gora jarri zaio partidua talde zurigorriari, baina hiru aldiz eman dio buelta markagailua eta garaipena erdietsi du San Mamesen Yeste, Llorente eta Susaetaren golei esker. Zaleek partidu bikaina gozatu dute behin ere Katedralean eta zurigorriek datorren asteko Kopako partiduari gogotsu aurre egin ahal izango diote.
Azken aldian gol anitz jasotzen dituzte bilbotarrek neurketako aurreneko minutuetan eta gaur berriz huts egin du Athleticek. Baloia arean jarri dute eskuin hegaletik, defentsak gaizki urrundu baloia eta Apoñoren jaurtiketa Luquek jaso du bakar bakarrik eta sarera bidali du baloia 1-0ekoa egiteko.
Berehala piztu dira Caparrosen mutilak eta 5. minutuan Ion Velezek berdinketa egiteko aukera paregabea izan du, baina Goitiak ondo babestu du atea aurrelariarekin izan duen buruz-burukoan.
Lehen zati osoan aukera oparo eman dira area batean eta bestean. Zelai erdia jabe argirik gabe gelditu da eta partidua joan eta etorrikoa izan da. Llorentek eta David Lopezek alferrik galdu dute berdinketa lortzeko aukera. Luquek eta Bahak, bestalde, San Mameseko zaleak armailetatik altxarazi dituzte.
Zurigorrien gola ez da 37. minuturarte iritsi. Fran Yesteren jaurtiketa indartsua zutoin ondotik sartu da. Goitik ezin izan du ezer ez egin.
Atsedenaldira joan aurretik markagailuan aurreratzeko aukera bana izan dute bi taldeek.
Bigarren zatian gauzak ez dira asko aldatu. Athletic joko hobea eraskusten jarraitu du baina Malaga ez da kikildu eta aukera ederrak izan ditu. Izan ere, 63. minutuan berriz aurreratu dira markagailuan. Dudak falta atera du eta Lolok defentsa zurigorriaren hutsa aprobetxatu du buruz 2-1eko egiteko.
Kolpe gogorra izan da Athleticentzat. Hala ere, ortzak estutu dituzte eta erasoari ekin diote. Llorenteren gola heldu aurretik Amorebietak abisua eman du eta kanpora joan zaio baloia. Hurrengo minutuan, ordea, Llorentek ez du hutsik egin. Aurrelari nafarrak area ertzean kontrolatu du baloia 70.ean eta buelta emanda gol bikaina egin du ezkerrarekin. 2-2koa San Mamesen.
Partidua guztiz irekita zegoen. Alde batetik zein bestetik, hirugarren gola iristear zegoen. Welligtonek huts egin du aurrena Malagarentzat eta Iraolak minutu bat geroago. Ekinearen ekinez, saria aurkitu du Athleticek. 86. minutuan Toquerok bikain erdiratu du baloia eta Susaetak buruz, ongi gurutzatu du baloia. 3-2 eta eztanda egin du San Mames.
Jose Juan Luquek izan du neurketako azken abagunea baina ezin izan du berdinketa lortu Malagarentzat. Athletic tinko jarraitzen du sailkapenean postuak igotzen; 7garren oheratuko da gaur talde zurigorria.
Erlazionatutako sarrerak
29
Urt
Egilea janirefragua
Athletic Kopako finalerdietan da Sporting 1-2 mendean hartu ostean. Carmeloren golarekin aurrea hartu dute asturiarrek, baina Gabilondok eta David Lopezek buelta eman diote markagailuari. Hurrengo kanporaketarako aurkaria bihar jakingo dute; Valentzia edo Sevilla izango da zurigorrien hurrengo hitzordua.
Joaneko 0-0eko berdinketarekin asko irabazita zuten bilbotarrek. Hala ere, ez diote ondo ekin neurketari. Partidua hasi eta berehala jaso dute gola Caparrosen gizonek. Atzealdean baloia galdu eta Carmelok, jaurtiketa gogor baten bitartez, Iraizoz gainditu du. Gauzak gaizki hasi dira Athleticentzat.
Manolo Preciadoren gizonek goian presionatu dute eta arazo anitz sortu diote talde zurigorriari. Etxekoen golari erantzuna emateko aukera bikaina izan du David Lopezek 3. minutuan baina gora joan zaio baloia.
Sportinek izan du baloiaren jabetza lehen zatian, baina gola egiteko aukerarik garbienak Athleticek izan ditu. Amorebietak eta Javi Martinezek berdinketa lortzeko bi abagune izan dituzte, baina haien burukadek ez dute Sergio Sanchezen atea zulatzerik izan.
Pixkanaka-pixkanaka Athletic bere lekua topatu du. Ohi bezala, baloi luzeekin Llorenteren nagusitasuna bilatu dute Sportingen area inguruan. Atsedenaldira joan aurretik, zurigorriak gora joan dira eta ekinearen ekinez saria lortu dute. 42.ean, Llorentek buruz utzi dio baloia Gabilondori eta Añorgakoak, area barruan, baselina ederra egin eta 1-1koa lortu du. Athletic Kopako finalerdietan zen.
Lehen zatiaren amaiera momenturik txarrenean iritsi zaio Athletici. Eskerrak indartsu atera dela Bilboko taldea aldageletatik. Indartsu eta gogotsu, bigarren zatia hasi eta gutxira garaipenaren gola sartu baitute zurigorriek. Orbaizek baloia lapurtu du zelai erdian. Pase milimetratua sartu dio David Lopezi eta errioxarrak ez du hutsik egin.
Yesteren zelairatzearekin batera, taldeak nagusitasuna berreskuratu du zelai erdian. Basauritarrak partiduaren erritmoa lasaitu eta egonkortasuna eman dio taldeari. Bere oinetan sortu da Orbaizek hirugarrena sartzeko izan duen aukera. Nafarraren jaurtiketa Llorenteren gorputzean ukitu eta desbideratuta joan da kanpora. Eta 73.ean, Yeste berriz protagonista. Bere falta jaurtiketa zutoinean jo du.
Norgehiagokaren azken txanpan Sporting bete-betean joan da neurketaren bila; beranduegi, ordea. Asturiarrek berdinketa lortzeko izan duten abagunerik argiena Iraizozek gelditu du.
Amaieran, garaipena Athleticentzat. Kopako finalerdietako aurkaria gogorra izango da baina, behintzat, itzuliko neurketa San Mamesen jokatuko dute zurigorriek.
Erlazionatutako sarrerak