Artxiboak: Urtarrila, 2009
25
Urt
Egilea janirefragua
Athleticek ezin izan dio eutsi 2009ko bolada onari eta 2 eta 1 galdu du Almeriaren aurka bigarren itzuliaren aurreneko neurketan. Caparrosen mutilak ez dira batere fin ibili lehen zatian eta bigarrenean markagailuari buelta ematen saiatu diren arren, aldea murriztea baino ez dute lortu. Azkenean, puntuak etxean gelditu dira.
Ohikoak ez diren zenbait jokalari zelairatu ditu Utrerako entrenatzaileak Kopako itzulian pentsatuta eta jokaldia ez zaio ondo atera. Gaurkoan talde zurigorriak ez zuen ematen aurreko egunetako talde berbera. Hugo Sanchezen gizonek nahi bezala jokatu dute lehenbiziko 45 minutuetan eta horren ondorioz, aurrea hartu du Almeriak 25.ean. Irineyren jaurtiketa indartsuak langa jo du eta aldaratzea Juanma Ortizek jaso eta ate barrura bidali du.
Gaurkoan, Yestek izan du taldearen jokoa sortu eta gidatzeko erantzukizuna eta basauritarra ez da gai izan, lehen zatian behintzat. Gola jaso eta 8 minutura Almeriak aldea handitzeko aukera paregabea izan du, baina Iraizozek erantzun ona eman dio Sorianoren burukadari. Etxekoen bigarren golean, ordea, nafarrak ezin izan du ezer ez egin. Kalu Ucheren errematea atezainaren eskuin zutoinetik sartu da. Eskerrak gutxira epaileak txistua jo duela atsedenaldia adierazita.
Bigarren zatiari kemenez ekin dio talde bilbotarrak. Del Olmok 2-1ekoa sartzeko aukera paregabea izan du hasierako minutuetan baina Alves atezaina azkar ibili da eta baloia ez da barrura joan. Gutxi iraun zaio Athletici indar hori eta Almeriak lehen zatiko nagusitasuna berreskuratu du. Fernando Llorente ez zegoen zelaian eta hori izugarri nabaritu dute zurigorriek. Toquerok ez ditu nafarrak bezain beste baloi irabazten eta atzelariek ez dituzte hain gorriak ikusi gaurkoan zurigorriak gelditzeko.
Baloi luzeekin zeregin gutxi izango zuela ikusita, Athleticek kontraerasoen bidez eraman du arriskua Alvesen area ingurura. 65. minutuan, Toquerok pase paregabea eman dio buruz Del Olmori eta honek, bakar-bakarrik atezainaren aurrean, Alves gainditu eta 2-1koa egin du.
Orbaiz, David Lopez eta Iñigo Velez bigarren zatian sartu dira eta beste itxura bat eman diote taldeari. Golak, gainera, urduri jarri ditu Hugo Sanchezen gizonak eta Athletic berdinketaren bila joan da burubelarri. Lortu ez badu, Alves atezainaren lan politagatik izan da. Zurigorriak ia-ia ozpatu duten bi baloi atera ditu Alvesek.
Amaieran, Athletic ez da Almeriaren atea birritan zulatzeko gai izan eta esku hutsik itzuli da Bilbora. Kopako final laurdenetarako itzuliko neurketan gauzak beste era batera egin behar izango dituzte zurigorriek sailkapena lortu nahi badute.
Erlazionatutako sarrerak
18
Urt
Egilea janirefragua
Atheticek 3 puntuak lortu ditu gaur Valentzia 3-2 menderatuta eta azken jardunaldietako martxa bikainari eutsi dio San Mameseko zaleen gozamenerako. Aspaldi ez zen ikusten halako ikuskizunik Katedralean; izan ere, neurketaren erritmoa bizi-bizia izan da eta bi taldeek azken minutura arte borrokatu dute. Llorentek luzapenean sartutako penaltiari esker eskuratu dute zurigorriek garaipena.
Amaieran 3 puntuak lortu arren, partidua maldan gora jarri zaio Athletici hasiera-hasieratik. 2. minutuan Matak pase ederra sartu dio Villari eta asturiarrak ez du hutsik egin. Ezer gutxi egiteko aukera izan dute atzelari bilbotarrek.
Caparrosen mutilak ez dira kikildu eta gola bilatzeari ekin diote. Llorente eta Ion Velez bilatu dute etengabe Valentziaren area barruan eta defentsak gorriak ikusi ditu bi aurrelariak gelditzeko. Hegaletako jokalarien jokoa eteteko ere arazo handiak izan ditu Unai Emeryren taldeak. Berdinketa, hain zuzen, David Lopezek eskuin hegaletik egindako jokaldi baten ostean iritsi da. Errioxarraren erdiraketa Gabilondok bidali du sare barrura. Banakoa San Mamesen. Golarekin zurigorriak suspertu dira eta arrisku handia eraman dute etsairen areara. Dena den, Valentzia ez da atzean sartu eta berriz izan ditu margakagailuan aurrea hartzeko aukerak. Ez dute asmatu, behintzat 29. minutura arte. Ondo lotutako jokaldi baten bitartez 2-1ekoa egin dute Valentziakoek. Joaquinek lerro-artean sartu dio baloia Angulori eta asturiarraren erdiraketa Morientek sartu du.
Athleticen erantzuna atsedenaldira iristeko 3 minutu falta zirela heldu da. David Lopezek falta atera du eta Javi Martinezek buruz berdindu du berriz neurketa. Eta hurrengo minutuan Llorentek Athletic aurretik jartzeko aukera kanpora bota du.
2-2 joan dira aldageletara. Bigarren zatian partiduak ez du erritmorik galdu. Aukera anitz ikusi dira area batean eta bestean, eta Valentzia beste gol bat sartzeko zorian izan da aurreneko minutuetan. Joaquinek langara bidali du baloia 48.ean eta Matak kanpora minutu gutxira. Athleticen aldetik, Javi Martinezek, Llorentek eta David Lopezek izan dituzte abagunerik argienak.
Iraizozen lana ere erabakigarria izan da, baita estrategia-jokaldiak ere. Garaipenaren gola, hain zuzen, korner baten ondorioz heldu da. Iraolak penalti puntuan jarri du baloia, Javi Martinezek buruz utzi dio Llorenteri eta honek jaurtiketa egiterakoan Fernandesek besoa heldu dio. Aurrelari nafarra lurrera joan da eta epailea ez da okertu penaltia adierazita. Athleticeko pitxitxiak berak hartu du baloia eta barrura botata, garaipena eman dio talde zurigorriari.
Indarrez ekin dio Bilboko taldeak 2009. urteari eta jarraian 7 jardunaldi daramate lehoiek partidurik galdu gabe. Jaitsiera-postuak 11 puntura utzi dituzte dagoeneko Caparrosen gizonek. Arratsaldeko albiste txarra Athleticeko jokalariek ikusi dituzten txartel horiak izan da. Ociok eta Javi Mrtinezek bostgarrena ikusi dute eta ezin izango dute hurrengo neurketa jokatu.
Erlazionatutako sarrerak
15
Urt
Egilea janirefragua
Joaneko 1-1eko emaitzaren ostean, Athleticek 2-0 hartu du gaur mendean Osasuna San Mamesen eta Sportingen aurka neurtuko ditu indarrak Kopako final laurdenetan.
Partiduko aurreneko minutuetatik bideratu du kanporaketa talde zurigorriak. 5. minutuan Osasunaren defentsaren hanka sartzearen ondorioz, Gabilondok lehen gola egin du Athleticentzat. Ez dira fin ibili atzerari gorritxoak eta bakarrik utzi dute Añorgakoa.
Maldan gora jarri zaio norgehiagoka Osasunari eta ez da gai izan 90 minututan markagailuari buelta emateko. Zelai erdian jaun eta jabe izan dira erdilari zurigorriak; Caparrosen gizonen jokoa Javi Martinezen eta Orbaizen hanketan sortu da eta nagusitasun hori neurketa bideratzeko baliatu du Bilboko taldeak.
Bigarrena sartzeko aukera 10 minutu geroago izan du Athleticek. 16.ean, Llorenteren jaurtiketa gutxigatik joan da kanpora Ricardoren esker zutoinetik. Eta 2 minutu geroago, partidua ia erabakita utzi duen gola iritsi da. Susaetaren jokaldi polit baten ondorioz Ion Velezek baloia jaso eta bere jaurtiketa Josetxok desbideratu du ate barrura. 2-0ekoa Athleticentzat.
Bigarren gol horrek oso ukituta utzi du talde nafarra eta ezin izan du hortik aurrera burua jaso. Saiatu da, Sunnyren burukada bat tarteko, baina ezin izan du Iraizozen atea zulatu.
Aldageletatik bueltan, Athleticen nagusitasunak gora egin du Gabilondo bikain baten eskutik. Gipuzkoarrak behin eta berriz eraman du arriskua Ricardoren ate ingurura. 55. minutuan hirugarrena egiteko zorian egon da baina nafarren atezaina fin ibili da eta baloia kornerrera bota du. Talde zurigorriak ez dio aukerarik eman Osasunari eta gorritxoek, gainera, ez dute aprobetxatu norgehiagoka osoan izan duten abagune argi bakarra. 62.ean epaileak Gabilondok Portillori egindako penaltia ikusi du. Aurrelariak berak hartu du bere gain penaltia botatzeko erantzukizuna eta huts egin du. Gaizki jaurti du Portillok eta Iraizozek baloia gelditu du.
Camachok Delporte eta Pantiani zelairatu ditu eta horiekin Osasunak pixkat hobetu du bere jokoa; beranduegi, ordea. Gabilondoren eta Josetxoren aukera banarekin ostean amaitu da neurketa. Iruñeako taldeak Ligan jarri ahal izango ditu orain indar guztiak. Athleticek, tartean, Kopako finala jokatzeko ametsari etsiko dio. Zurigorrien hurrengo erronka Sporting menderatzea.
Erlazionatutako sarrerak
09
Urt
Egilea janirefragua
Azken 10 minutuetan erabaki da Athleticen eta Osasunaren arteko Kopako final zortzirenetako joaneko neurketa. Osasunak aurrea hartu du Pandianik 82.ean sartutako golari esker, baina Llorentek kanporaketa berdindu du luzapenean. Amaieran, 1-1 eta nork eskuratuko duen hurrengo faserako txartela San Mamesen erabakiko da.
Hotza ez ezin, partidu aspergarria ere jasan behar izan dute Reyno de Navarran bildu diren jarraitzaileek. Joko ikusgarririk ez eta aukera gutxi gainera. Bi taldeak noraezean ibili dira minutu azkoz, baloiarekin zer egin jakin gabe. Ez bata eta ez bestea, ez dira erritmoa kontrolatzeko gai izan eta zelai erdiak ez du jaberik izan.
Osasunak eraman du arriskurik handiena etsaiaren area ingurura, baina ez ditu abagune garbirik izan. Gorritxoak hegaletatik saiatu dira gola sartzen baina Athleticen defentsa sendotasunez atera ditu baloiak Iraizozen area ingurutik. Bilboko taldea, ordea, baloi luzeak baliatuta saiatu da aurrea hartzen. Dena den, gaurkoan etxekoen atzeko gizonek hurbil-hurbiletik zaindu dute Fernando Llorente eta zurigorrien aurrelariak gorriak ikusi ditu defentsa saihesteko.
Bigarren zatian gauzak ez dira aldatu, 82. minutura arte behintzat. Pandianik aurrea hartu die Amorebieta eta Iraizozi, baloi solte bat jaso du area barruan eta sarera bidali du uruguaitarrak. Zoratu egin dira jarraitzaile nafarrak partidua bukatzear zegoela ikusita. Baina epaileak txistua jo arte ez dira norgehiagokak amaitzen eta Osasunak larrutik ordaindu du azken minutuetako lasaitasuna. 92. ean Llorentek Ricardo atezainaren aldaratzea aprobetxatu du partidua berdintzeko.
Kopako final zortzirenetako kanporaketa irekia dagoen arren, Athleticek errazago dauka aurrera egitea etxetik kanpo sartu duen golari esker.
Erlazionatutako sarrerak
22
Abe
Egilea janirefragua
Pasa den urtean gertatutako istiluak gogoan, Athleticek 0 eta 1 hartu du Betis mendean Ruiz de Lopera futbol zelaian. 3 puntu garrantzitsu eta denboraldiko lehen garaipena etxetik kanpo. Lasaitasunez aurre egingo dio Caparrosen taldeak gabonetako etenaldiari.
Iaz Armandori emandako “botilazoa” dela eta ez zen amaitu Betis eta Athleticen aurkako neurketa. Harmailetako giroa ederra ez zela izango jakinda, oso kontzentratuta atera dira bilbotarrak eta aurreneko minutuetan gola egiteko aukera pare bat izan dituzte. Zelai erdian jaun eta jabe izan dira zurigorriak, Betisen Emana eta Mehmet Aurelio ez dutela jokatu aprobetxatuta. Baloi anitz moztu ditu Athleticek eta hori dela eta partiduaren erritmoa eraman du.
Hala ere, arazoak izan ditu Bilboko taldeak David Lopez eta Murillo lehen ordu erdian lesionatu dira eta. Susaetak hartu du erdilariaren lekua eskuin hegalean eta Etxeita gazteak atzelariarena.
32. minutuan iritsi da Betisen lehendabiziko abisua. Riverak pasea sartu dio Sergio Garciari area inguruan eta Amorebieta gainetik kendu ostean, jokalari katalanak kanpora bota du baloia. Gora joan da Sevillako taldea eta 10 minutu geroago Sergio Garciak berak ezin izan du Ocioren huts galanta baliatu gola egiteko.
Athleticen erantzuna berehala iritsi da. Yestek kornerra atera, Susaetak aldaratzea jaso eta bere zentrua Javi Martinezek errematatu du sare barrura. 0 eta 1 zurigorrien alde atsedenaldira joateko 4 minuturen faltan. Paco Chaparroren gizonek berdinketaren bila atera dira aldageletatik eta haiek izan dute bigarren zatiko lehen gol aukera. Xiscoren burukada, ordea, gora joan da.
Athleticek ez du kanpoan irabazteko aukera alferrik galdu nahi izan eta zelai erdiko nagusitasuna baliatu du arriskua eramateko Castoren ate ingurura. Jon Velezek jaurtiketa indatsua egin du eskuinaldetik 24. minutuan baina etxekoen atezaina fin ibili da. Korner horretan, hain zuzen, partiduko abagunerik argiena. Nahastea area barruan, baloia solte, baina ez Javi Martinezek ezta Etxeitak ere ezin izan dute gola egin. Ikusteko modukoa!
Bigarren zatiko azken minutuetan Betis jo eta ke aritu da golaren bila. Athletic atzean sartu da eta amaieran gorriak ikusi ditu markagailuari eusteko. Kostatu zaie zurigorriei partidua gelditzea, moteltzea, eta Iraizozek Pavoneri 41. minutuan egindako geldiketa bikainari esker lortu dute garaipena.
Bukaeran, 0 eta 1 Ruiz de Loperan eta gabonak pozik igaro ahal izango dituzte Athleticeko jokalariek: 12. lekuan eta jaitsiera postuetatik 6 puntuetara.
Erlazionatutako sarrerak