Artxiboak: Azaroa, 2008
24
Aza
Egilea janirefragua
Athleticek jeitsiera postuetatik irteteko aukera galdu du gaur Riazorren hiru puntuak A Coruñan utzita. Caparrosen mutilek gola egiteko aukera anitz izan dituzte baina Deportivo finago ibili da ateari begira eta 3 eta 1 menderatu du talde zurigorria. Dani Aranzubiak, gainera, penalti bat gelditu dio Andoni Iraolari lehen zatiko 24. minutuan.
Athleticek noraezean jarraitzen du BBVA ligan. Gol aukerak sortu, sortzen ditu, baina baloia sarera eramateko zailtasunak ditu. Eta ez hori bakarrik; atzealdean ere, makal dabil Bilboko taldea. Defentsaren huts baten ondorioz iritsi da, hain zuzen ere, Deporren lehen gola. Verdúk falta bat atera eta Iraizozen aldaratzea barrura bidali du Ze Castrok. Defentsa lotan harrapatu du atzelari portugaldarrak.
Handik 4 minutura, zurigorrien erantzuna. Epaileak Llorenteri egindako penalti bat ikusi du area barruan, baina Iraolak ez du asmatu. 8 urte eman ditu Aranzubiak usurbildarrarekin Athleticeko lehen taldean eta atezainak baloia kornerrera bidali du. Alferrik galdu dute Caparrosen mutilek neurketa berdintzeko aukera.
Deportivo suspertu egin da horren ondorioz eta behin eta berriz eraman du arriskua Iraizozen ate ingurura. Dena den, bikain ibili da gaur atezain nafarra eta 26.ean, Ocioren huts galantaren ostean, bi geldiketa ikusgarri egin dizkio Andres Guardado mexikarrari. Hurrengoan, ordea, ezin izan du ezer ez egin Gorkak. Bodipo ezker hegaletik sartu da eta Amorebieta zuzen joan da aurrelariaren bila. Iurretakoak burua galdu du behin ere. Penaltia Deporrentzat eta Verdúk ez du hutsik egin. 2 eta 0ekoa Lotinaren taldearentzat.
Atsedenaldian Caparros Etxeberria zelairatu du Garmendiaren ordez eta Athletic gogotsuago irten da bigarren zatiko aurreneko minutuetan. Llorentek aldea murrizteko aukera pare bat izan ditu, baina ezin asmatu. Zurigorriek jo eta ke jarraitu dute eta ekinearen ekinez, gola iritsi da. 71. minutuan Orbaizen erdiraketa batek Javi Martinezen burua aurkitu du: 2 eta 1 markagailuan.
Golak indarra eman dio talde bilbotarrari eta berdinketa eskuratzeko zorian izan da, baina Llorentek egindako jaurtiketa batek Javi Martinezen gorputzean jo du atera zihoanean. Hori izan da Athleticek puntu bat eskuratzeko izan duen azkena. Gora joan da Athletic eta Deportivok kontraerasoan ustekabean harrapatu du Ibaiganeko taldea: 3 eta 1ekoa eta etxera.
Lehen mailako sailkapeneko 18. postuan jarraitzen du Caparrosen taldeak. Puntuak 3na lortu behar dira egoera horri lehenbaitlehen buelta emateko.
Erlazionatutako sarrerak
20
Aza
Egilea janirefragua
Lehendabiziko deialdia eta debuta. Lagunartekoa bada ere, Fernando Llorentek Espainiako selekzioarekin egin zuen debuta atzo Txileren aurka. Eta debut ederra gainera, Athleticeko aurrelariak gola sartzeko zorian izan baitzen El Madrigal futbol zelaian.
71. minutuan zelairatu zen Llorente erasoan Torresekin bikotea osatzeko. Baloi pare bat ikutu eta hirugarrenean burukada kanpora Europako txapelduna den selekzioak bota zuen korner baten ostean. Aurrelariaren lehen abisua. Jokoan parte hartzeko grina agerian gelditu zen zelaian eman zituen 20 minutuetan. Llorentek baloia eskatu zuen behin eta berriz, eta Vicente Del Bosqueren selekzioan lekua egiteko gai dela erakutsi zuen. Baloia sarera eramateko izan zuen abagunerik argiena kontraeraso batean iritsi zen. Cazorla area barruan sartu eta bere pasea nafarraren oinetara iritsi zen. Errematea, ordea, gutxigatik irten zen Claudio Bravo Errealeko atezainaren ezker zutoinaren ondotik. Gutxi falta izan zitzaion Llorenteri taldearen laugarren gola sartzeko.
Fernando Llorente goraka doa, zalantzarik gabe, eta Athleticeko zaleak pozik egoteko arrazoia dute. Baina ez horregatik bakarrik; ez Bilboko taldean egiten ari den lanarekin soilik. Julio Salinasek Espainiarekin jokatu zuen azken partidutik, Lezamatik aterarako aurrelari petorik ez da Espainiako selekzioarekin aritu. 12 urte eta ia 4 hilabete pasa dira ordutik. Fernando Llorentek historia aldatu zuen atzo, eta bazen garaia.
Athleticeko aurrelariaren hurrengo erronka, debut ofiziala.
Erlazionatutako sarrerak
17
Aza
Egilea janirefragua
Bai Athleticentzat baita Osasunarentzat ere ezinbestekoak ziren hiru puntu zeuden gaur jokoan San Mamesen. Lehen mailako euskal derbia, sailkapeneko putzutik lehen bait lehen alde egiteko trena. Katedraleko jarraitzaileen indarrak, gorritxoen ezintasunak eta Fernando Llorenteren lan bikainak, garaipena eman diote talde zurigorriari. Jeitsiera postuetan dira oraindik biak ala biak, baina 2 eta 0 irabazita, Athletic argia ikusten hasi da dagoeneko.
Vicente Del Bosqueren deiak Fernando Llorente piztu omen du, eta gaur, zalantzarik gabe, onena izan da San Mamesen. Denboraldiko hirugarren gola egin du ligan aurrelari zurigorriak, gol ikusgarria.
Athleticek gogor ekin dio neurketari eta Llorenteren jokaldi polit bat baliatu du Garmendiak 15. minutuan markagailuan 1 eta 0ekoa egiteko. Nafarraren jaurtiketa desbideratu du Robertok eta Basaurikoak sarera bidali du aldaratzea.
Osasuna ez da erantzuteko gai izan eta noraezean ibili da lehen zati osoan. Caparrosen mutilek aldea handitzeko aukera anitz izan dute baina ezin izan dute baloia ate barruan sartu aldageletara joan aurretik. Partiduko albiste txarra hasi eta ordu erdira iritsi da. Ustaritzek eskuin hankako adduktorean min hartu du eta bere lekua utzi behar izan dio Etxeita gazteari. Debuta egin du ligan Zornotzako defentsak.
Atsedenaldiaren ostean Camachoren gizonek hortzak estutu dituzte. Gora joan da Osasuna, baina aurten golarekin borrokatuta dabil talde nafarra eta ez du arrisku handirik eraman Iraizozen ate ingurura. Hamaika neurketetan hiru gol bakarrik sartu dituzte gorritxoek. Athleticek baloiaren jabetza berreskuratu du pixkanaka-pixkanaka eta horrekin batera, nagusitasuna zelai erdian.
Llorente nafarren ametsgaiztoa izan da eta ezin izan dute modu batera edo bestera aurrelaria gelditu. Gola egiteko beste aukera pare bat izan du zurigorriak behin betiko 2 eta 0ekoa sartu arte. 88. minutuan, ordea, ez du hutsik egin. Iraolak pase bikaina sartu dio area barruan eta kontrolatu eta berehala jaurti du Llorentek.
Gaur lortutako hiru puntuekin goraka doa Bilboko taldea Pirinioetatik igaro ostean. Osasuna, tartean, zulotik atera ezinik garraitzen du.
Fitxa teknikoa:
Athletic 2: 1-0: 15. min.: Garmendia. 2-0: 88. min.: Llorente.
Osasuna 0
Athletic: Iraizoz; Iraola, Ocio, Ustaritz (Etxeita, 31. min.), Balenziaga; Susaeta (Gabilondo, 74. min.), Orbaiz, Javi MartÃnez, David López; Garmendia (Etxeberria, 57. min.) eta Fernando Llorente.
Osasuna: Roberto; Azpilicueta, Cruchaga, Miguel Flaño, Oier Sanjurjo; Vadocz, Nekouman; Juanfran (Sola, 61. min.), Masoud, Jokin Esparza (Ezquerro, 61. min.); y Pandiani (Portillo, 81. min.).
Erlazionatutako sarrerak
13
Aza
Egilea janirefragua
Athleticek sufrituta eskuratu du gaur Kopako final zortzirenetarako txartela Recreativoren aurka. Caparrosen mutilek 2 eta 1 galdu dute Huelvan, baina Llorentek 75. minutuan sartutako penaltiari esker, zurigorriak hurrengo zozketan izango dira.
San Mamesen eskuratutako 2-0ekoarekin kanporaketa bideratuta utzi arren, gorriak ikusi dituzte bilbotarrek Kopan aurrera egiteko. Ligan jaitsiera-postuetan daude bi taldeak eta gaurko ikuskizun kaskarra ikusita, nahiko argi gelditu da egoera horri buelta ematea dela bi taldeen lehentasuna.
Buruz sartutako bi golekin aurrea hartu du Recreativok. 23. minutuan Akalek sartu du neurketaren lehen gola falta jaurtiketa baten ondoren, eta 7 minutu geroago, 30. ean, Ersen Martinek baloia sare barrura bidali eta kanporaketa berdindu du.
Alcarazen gizonek Athletici utzi diote baloiaren jabetza kontraerasoren bat aprobetxatzeko asmoz, baina zurigorriek ez diote horri etekinik atera. Bigarren zatian pixka bat suspertu eta nagusi izan dira lehoiak, baina aukera garbirik sortu gabe. Gabilondoren jaurtiketa batek, soilik, eraman du arriskua Recreativoren ate ingurura.
75. minutuan, ordea, Roberto Huelvakoen atezainak huts egin eta Ion Velez lurrera bota du area barruan. Penaltia eta Fernando Llorentek barrura.
“Garaipen” honekin, Athleticek arnasa hartu du ligako erronkari begira. Hurrengo pausua, Osasunaren aurkako derbia.
Â
Â
Fitxa teknikoa:
Errege Kopa 2008-09. Final hamaseirenak.
Recreativo 2: 1-0, 23. min.: Akalé. 2-0, 30. min.: Ersen Martin.
Athletic 1: 2-1, 75. min.: Llorente (p).
Recreativo: Roberto; Iago Bouzón, César Arzo, Lamas, Casado; Aitor, Javi Fuego (Jesús Vázquez, 80. min.), Rafa Barber, Akalé (Joselito, 80. min.); Adrián Colunga eta Ersen Martin (Marco Rúben, 42. min.).
Athletic: Iraizoz; Gurpegui, Aitor Ocio, Ustaritz, Koikili; Susaeta (Etxeita, 85. min.), Javi MartÃnez (Ión Vélez, 63. min.), Iturraspe (Pablo Orbaiz, 46. min.), Gabilondo; GarmendÃa eta Llorente.
Erlazionatutako sarrerak