Athleticek 1-2 galdu du gaur Sevillaren aurka San Mamesen ez-ohiko talde batekin. 2 titular baino ez ditu zelairatu hasieratik Caparrosek Kopako finalerdietako entseguan, argi eta garbi utzita zein den gaur egun talde zurigorriaren lehentasuna. Asteazkenean, zalantzarik gabe, beste istorioa ikusiko da Katedralean.

Utrerako entrenatzailearen planteamenduak ez du fruiturik eman Sevillaren aurka. Ikusi denagatik, indar guztiak Kopako finalerdietako itzulerako neurketan jarriko ditu Bilboko taldeak. Bi teknikoen helburuak erabat ezberdinak ziren gaurkoan, izan ere, Manolo Jimenezek titular gehienak atera ditu 3 puntuak eskuratzeko asmotan. Caparrosen jomuga, ordea, aurkaria nekatzea izan da, eta lortu duen ala ez, asteazkenean ikusiko da.

Athleticek markagailuan aurrea hartu duen arren, Sevillak kontrolatu du partidua, erritmoa eta pilota. Lehendabiziko 20 minutuetan jaun eta jabe izan da eta gola egiteko aukera pare bat galdu ostean, zurigorrien gola iritsi da. Korner baten, Etxeitak buruz ukitu du baloia eta Sevillako defentsak aldaratzean egindako hutsa Gabilondok aprobetxatu du 1-0ekoa egiteko. 26. minutua zen eta golarekin Athletic suspertu egin da. Presioa eragin, baloiaz jabetu eta arazoetan sartu du Sevillako taldea.

Irudikeria baino ez da izan, ordea. 12 minutu geroago Kanoute agertu baita norgehiagoka berdintzeko. Balenziagak huts galanta egin du area ertzean baloia aldendu barik, Mosquerari emanda. Kolonbiarrak erdiratu eta Kanoutek bikain kontrolatu du baloia sarera bidaltzeko.

Aldageletatik bueltan gauzak ez dira aldatu. Baloiaren jabe jarraitu du Sevillak eta bere jokoak saria izan du 12. minutuan. Romaricek pase ederra sartu dio sakonean Kanouteri eta Maliko aurrelariak, behin ere, baloia kontrolatu, defentsa gainetik kendu eta jaurtiketa gurutzatu batekin Armando gainditu du.

Athletic ez da erantzuteko gai izan. Neurketako azken minutuetan Toquerok eta Iñigo Velezek partidua berdintzeko bi aukera izan dituzte baina gola ez da iritsi.

Alpeetako lehen etapan punturik gabe gelditu dira zurigorriak. Burua, ordea, tarteko beste helmuga baten jarrita daukate jokalariek, Caparrosek eta San Mameseko zaleek. Asteazkenean, gaurko estrategiari etekinik atera dioten ikusiko da.

Erlazionatutako sarrerak

Erantzun