Athletic Kopako finalerdietan da Sporting 1-2 mendean hartu ostean. Carmeloren golarekin aurrea hartu dute asturiarrek, baina Gabilondok eta David Lopezek buelta eman diote markagailuari. Hurrengo kanporaketarako aurkaria bihar jakingo dute; Valentzia edo Sevilla izango da zurigorrien hurrengo hitzordua.
Joaneko 0-0eko berdinketarekin asko irabazita zuten bilbotarrek. Hala ere, ez diote ondo ekin neurketari. Partidua hasi eta berehala jaso dute gola Caparrosen gizonek. Atzealdean baloia galdu eta Carmelok, jaurtiketa gogor baten bitartez, Iraizoz gainditu du. Gauzak gaizki hasi dira Athleticentzat.
Manolo Preciadoren gizonek goian presionatu dute eta arazo anitz sortu diote talde zurigorriari. Etxekoen golari erantzuna emateko aukera bikaina izan du David Lopezek 3. minutuan baina gora joan zaio baloia.
Sportinek izan du baloiaren jabetza lehen zatian, baina gola egiteko aukerarik garbienak Athleticek izan ditu. Amorebietak eta Javi Martinezek berdinketa lortzeko bi abagune izan dituzte, baina haien burukadek ez dute Sergio Sanchezen atea zulatzerik izan.
Pixkanaka-pixkanaka Athletic bere lekua topatu du. Ohi bezala, baloi luzeekin Llorenteren nagusitasuna bilatu dute Sportingen area inguruan. Atsedenaldira joan aurretik, zurigorriak gora joan dira eta ekinearen ekinez saria lortu dute. 42.ean, Llorentek buruz utzi dio baloia Gabilondori eta Añorgakoak, area barruan, baselina ederra egin eta 1-1koa lortu du. Athletic Kopako finalerdietan zen.
Lehen zatiaren amaiera momenturik txarrenean iritsi zaio Athletici. Eskerrak indartsu atera dela Bilboko taldea aldageletatik. Indartsu eta gogotsu, bigarren zatia hasi eta gutxira garaipenaren gola sartu baitute zurigorriek. Orbaizek baloia lapurtu du zelai erdian. Pase milimetratua sartu dio David Lopezi eta errioxarrak ez du hutsik egin.
Yesteren zelairatzearekin batera, taldeak nagusitasuna berreskuratu du zelai erdian. Basauritarrak partiduaren erritmoa lasaitu eta egonkortasuna eman dio taldeari. Bere oinetan sortu da Orbaizek hirugarrena sartzeko izan duen aukera. Nafarraren jaurtiketa Llorenteren gorputzean ukitu eta desbideratuta joan da kanpora. Eta 73.ean, Yeste berriz protagonista. Bere falta jaurtiketa zutoinean jo du.
Norgehiagokaren azken txanpan Sporting bete-betean joan da neurketaren bila; beranduegi, ordea. Asturiarrek berdinketa lortzeko izan duten abagunerik argiena Iraizozek gelditu du.
Amaieran, garaipena Athleticentzat. Kopako finalerdietako aurkaria gogorra izango da baina, behintzat, itzuliko neurketa San Mamesen jokatuko dute zurigorriek.
Erlazionatutako sarrerak



Atalak:
Etiketak:
