
Athletic-ek bihar (17.00etan) jokatuko du aurtengo lehen partidua Espanyolen aurka eta Caparrosek honako jokalariak deitu ditu Catalunyar taldearen aurka jokatzeko:
- Iraizoz
- Toquero
- Koikili
- Amorebieta
- Llorente
- Yeste
- Gabilondo
- Armando
- Susaeta
- Iraola
- Orbaiz
- Etxeberria
- Gurpegi
- Aitor Ocio
- Ion Velez
- Javi Martinez
- Etxeita eta Balenziaga
Athletic-ek 12. postuan amaitu zuen 2008a, abenduko azken partiduan betis-en aurka irabazi ondoren. Biharko partidua irabaziz gero, sorte pixkat batekin, 9. posturarte igo daiteke sailkapen orokorrean.
Iturria | Athletic club
Erlazionatutako sarrerak
22
Abe
Egilea janirefragua
Pasa den urtean gertatutako istiluak gogoan, Athleticek 0 eta 1 hartu du Betis mendean Ruiz de Lopera futbol zelaian. 3 puntu garrantzitsu eta denboraldiko lehen garaipena etxetik kanpo. Lasaitasunez aurre egingo dio Caparrosen taldeak gabonetako etenaldiari.
Iaz Armandori emandako “botilazoa” dela eta ez zen amaitu Betis eta Athleticen aurkako neurketa. Harmailetako giroa ederra ez zela izango jakinda, oso kontzentratuta atera dira bilbotarrak eta aurreneko minutuetan gola egiteko aukera pare bat izan dituzte. Zelai erdian jaun eta jabe izan dira zurigorriak, Betisen Emana eta Mehmet Aurelio ez dutela jokatu aprobetxatuta. Baloi anitz moztu ditu Athleticek eta hori dela eta partiduaren erritmoa eraman du.
Hala ere, arazoak izan ditu Bilboko taldeak David Lopez eta Murillo lehen ordu erdian lesionatu dira eta. Susaetak hartu du erdilariaren lekua eskuin hegalean eta Etxeita gazteak atzelariarena.
32. minutuan iritsi da Betisen lehendabiziko abisua. Riverak pasea sartu dio Sergio Garciari area inguruan eta Amorebieta gainetik kendu ostean, jokalari katalanak kanpora bota du baloia. Gora joan da Sevillako taldea eta 10 minutu geroago Sergio Garciak berak ezin izan du Ocioren huts galanta baliatu gola egiteko.
Athleticen erantzuna berehala iritsi da. Yestek kornerra atera, Susaetak aldaratzea jaso eta bere zentrua Javi Martinezek errematatu du sare barrura. 0 eta 1 zurigorrien alde atsedenaldira joateko 4 minuturen faltan. Paco Chaparroren gizonek berdinketaren bila atera dira aldageletatik eta haiek izan dute bigarren zatiko lehen gol aukera. Xiscoren burukada, ordea, gora joan da.
Athleticek ez du kanpoan irabazteko aukera alferrik galdu nahi izan eta zelai erdiko nagusitasuna baliatu du arriskua eramateko Castoren ate ingurura. Jon Velezek jaurtiketa indatsua egin du eskuinaldetik 24. minutuan baina etxekoen atezaina fin ibili da. Korner horretan, hain zuzen, partiduko abagunerik argiena. Nahastea area barruan, baloia solte, baina ez Javi Martinezek ezta Etxeitak ere ezin izan dute gola egin. Ikusteko modukoa!
Bigarren zatiko azken minutuetan Betis jo eta ke aritu da golaren bila. Athletic atzean sartu da eta amaieran gorriak ikusi ditu markagailuari eusteko. Kostatu zaie zurigorriei partidua gelditzea, moteltzea, eta Iraizozek Pavoneri 41. minutuan egindako geldiketa bikainari esker lortu dute garaipena.
Bukaeran, 0 eta 1 Ruiz de Loperan eta gabonak pozik igaro ahal izango dituzte Athleticeko jokalariek: 12. lekuan eta jaitsiera postuetatik 6 puntuetara.
Erlazionatutako sarrerak
Igandean esan bezala, Gurpegik Cuellar-en aurkako kolpe batengatik konortea galdu zuen zelaian eta erietxera eraman zuten partidua amaitu ezinik.
Zorionez, gaurko arratsaldean Deustuko “San Sebastian” erietxean alta eman diote Athletic-eko jokalariari, Igandean sudurreko berezko hezurretan ebakuntza egin ondoren.
Dirudienez, aste beteko atsedena hartu behar izango du, beraz, seguru ez duela Betis-en aurkako partiduan jokatuko.
Erlazionatutako sarrerak
15
Abe
Egilea janirefragua
Athleticek ordu erdi baino ez du behar izan Sporting menderatzeko. Llorentek, Iraolak eta David Lopezek aurreneko 30 minutuetan sartutako golek garaipena eta 3 puntuak eman dizkiete zurigorriei. Arratsaldeko puntu beltza, Gurpegiren eta Cuellarren arteko kolpe izan da. Andosillakoak konortea galdu du baina susto batean gelditu da dena. Eskanerrak lesiorik baztertu du eta jada egin diote ebakuntza sudurreko berezko hezurretan.
Ideiak garbi izan ditu Bilboko taldeak hasieratik eta 5. minutuan iritsi da lehendabiziko gola. Penaltia egin diote Llorenteri eta aurrelariak berak baloia sarera bidali du penalti puntutik. Konfiantzarekin dago nafarra eta bere gain hartu du penaltia jaurtitzeko erantzukizuna zelaian Iraola edo Yeste bezalako jokalariak zeuden arren.
Joko erakusgarririk egin gabe, eraginkortasuna izan da gaurkoan Athleticen garaipenaren giltza. 23.ean, zurigorrien bigarrena. Kornerra atera, baloia Iraolaren oinetara heldu eta usurbildarrak ez du hutsik egin.
Fran Yestek pibotea osatu du gaurko neurketan Javi Martinezekin eta taldea bere nahietara eta ongi gainera zuzendu du Basaurikoak. Erdilaria izan da, hain zuzen, 3. golaren sortzailea. Pase luze bikaina sartu dio David Lopezi area barruan 31.ean eta honek Cuellar gainditu du Athleticen 3. gola eginda. Atsedenaldira joan aurretik Bilboko taldeak errenta handitzeko aukera pare bat izan ditu baina ez dira baloia sarera eramateko gai izan.
Aldageletatik bueltan, gauzak bide beretik jarraitu dira. Manuel Preciadok bi aldaketa egin ditu baina Sportingen jokoa ez da hobera joan. Athletic jaun eta jabe izan da atzealdean zein erasoan. Abagune ugari izan dituzte Caparrosen mutilek, San Mameseko zaleek gol gehiago ikusi ez dituzten arren. Asturiarrek arrisku gutxi eraman dute bilbotarren area ingurura eta gaurkoan defentsa zurigorria fin ibili da.
Gurpegiren sustoa
Partidua amaitu aurretik, ordea, isildu egin da Katedrala. Gurpegik eta Cuellar atezainak kolpe itzela hartu dute. Nafarrak konortea galdu du baina bere onera itzuli da zelaian bertan. San Sebastian Erietxera eraman dute eta eskanerraren emaitzak edozein lesio garrantzitsu baztertu du. Hori bai, sudurreko berezko hezurretan ebakuntza egin diote erdilariari eta bertan pasatuko du gaua zaintzapean. Cuellarrek peronean hartu du min eta bihar jakingo du zenbat denbora egon beharko du zelaietatik kanpo.
Amaieran, 3 eta 0 San Mamesen. Jokatutako azken 9 puntuetatik 7 lortu dituzte zurigorriek eta tinko jarraitzen dute beheko postuetatik ihes egiteko bidean.
Erlazionatutako sarrerak
02
Abe
Egilea janirefragua
José Manuel Esnal “Mané”k Espanyol entrenatuko du 2008-09 denboraldia bukatu arte. Sportingen aurkako porrotaren ostean, Bartolomé Márquez talde katalanaren entrenatzailea kargutik kendu zuten eta Balmasedakoak bere lekua hartuko du.
Manék Lleida, Mallorca, Alaves, Levante eta Athletic entrenatu ditu. Bere azken aulkia San Mamesekoa izan zen. 2006-07 denboraldian Sarriugarte ordezkatu zuen Athleticen zuzendaritzan.
Eskarmentua dauka bizkaitarrak lehen mailan, baita egoera zailenei buelta ematen ere. Espanyol dinamika kaskarrean sartuta dago; 4 porrota jarraian jasotzeaz gain, sailkapeneko 17garren postuan dago eta perikitoen aldagelan iazko denboraldiaren mamuak agertu dira berriz ere.
Asteazkenean aurkeztuko dute Mané eta gogotik egin beharko du lan entrenatzaile bizkaitarrak Espanyol beheko postuetatik ateratzeko.
Erlazionatutako sarrerak