Etiketak: Athletic

Ostegun honetan, urriak 1, Werder Bremen eta Athletic taldeen arteko partida ikusteko aukera izango dugu Weserstadion futbol zelaian. Norgehiagoka arratsaldeko 19.00etan hasiko da eta UEFA Europa League-aren bigarren partida honetarako, Joaquin Caparros entrenatzaileak honako jokalariak deitu ditu Werder Bremens aurka jokatzeko:
Erlazionatutako sarrerak
20
Ira
Egilea janirefragua
Azken urteetako sufrimenduak ahaztu eta gutxik imajinatzen zuten denboraldi hasiera egiten ari da Athletic. 3 eta 2 nagusitu zaio gaur Ernesto Valverderen Vila-Realari Katedralean eta ligako sailkapeneko aurreneko postuei eutsi dio talde zurigorriak gaurko garaipenarekin. Hirutik hiru.
Ostegunean eskainitako ikuskizunari jarraipena eman dio gaur Athleticek San Mamesen. Markagailua ez da partiduaren benetako isla izan, Caparrosen mutilek uneoro eraman dutelako neurketaren erritmoa eta kontrola eta sufritzekotan, norgehiagokaren azken uneetan sufritu dutelako soilik.
Austriako Vienaren aurka egin bezala, joko ikusgarria egin du Athleticek gaurkoan. Jokoa soilik ez, golak ere bai. 10. minutuan Gabilondok abisua eman ostean, Llorentek buruz bidali du ate barrura David Lopezen erdiraketa hurrengo minutuan. Bikain berriz ere aurrelari nafarra. 1-0ekoa.
Vila-Reali asko kosta izan zaio jokoan sartzea. Aukera gutxi eman dio gainera Athleticek. Behin eta berriz ekin dio erasoari talde bilbotarrak. 14.ean, Gabilondoren burukada gutxigatik joan da kanpora. Eta ekitearen ekitez, 2 eta 0ekoa iritsi da 39.ean. David Lopezen erdiraketa bularrez jaitsi du Llorentek eta bere jaurtiketa, ezker zutoinetik gertu, ezin izan du Diego Lopezek gelditu. Atsedenaldiara joan aurretik, aldea handitu ahal izan du Athleticek, baina oraingoan bai, Vila-Realen atezainak geldiketa aparta egin du.
Bigarren zatian gauza gutxi aldatu dira. Jokoan, behintzat. Llorentek eta Toquerok partidua guztiz erabakita uzteko bi abagune izan dituzte, baina ez dute asmatu. Gehiegi barkatu dute zurigorriek eta damutzeko zorian izan dira. 48. minutuan Canik aldea murriztu du. Capdevilak egin du jokaldia ezker hegaletik, Joseba Llorentek buruz baloia utzi dio Zaragozakoari eta honek ezkerrarekin gola egin du.
Kolpearekin ez du behera egin Bilboko taldeak. Hirugarrenaren bila joan da gora. Aurrelari zurigorriek lan bikaina egin dute San Mamesen eta Llorentek ez ezik, Toquerok ere Diego Lopezen atea zulatzeko aukera izan du. Javi Martinez, ordeaz, izan da hirugarren golaren egilea bigarren zatiaren 13.ean. Gabilondok atera du kornerra eta bigarren zutoinean, nafarrak Diego Lopezen hutsa irteeran aprobetxatu du 3 eta 1ekoa egiteko.
Llorentek ez du gutxigatik hat-tricka lortu, eta ez da aukera faltagatik izan. 71. minutuan atezainaren aurrean ez du baloia sareetara bidaltzerik izan. Diego Lopezek eskua atera eta kornerrera bidali du baloia.
Caparrosek Javi Martinez kendu du min hartuta eta Yeste jarri du zelai erdian. Llorente goleatzailea ere atera eta Isaac Aketxe aurrelari gazteari eman dio lehen taldearekin debuta egiteko aukera.
Azken 10 minutuetan Ernesto Valverderen taldea suspertu egin da eta arrisku handia eraman du Iraizozen ate ingurura. 82.ean Piresen jaurtiketa areaz kanpotik gelditu du atezainak. Horretan asmatu bai, baina hurrengoan erabaki txarra hartu du Iraizozek. Cazorlaren falta jaurtiketan gaizki kokatu da eta Vila-Realeko jokalariak 3 eta 2koa erdietsi du.
Urduritasuna ageri da orduan San Mameseko harmailetan, baina lehoiek eutsi egin diote garaipenari. 9 puntutik 9 poltsikoratu ditu Athleticek.
Erlazionatutako sarrerak
18
Ira
Egilea janirefragua
Festa handia bizi izan dute zale zurigorriek gaur San Mamesen. Athleticek maisu irabazi dio Vienako Austriari 3 eta 0 eta “L” multzoaren buruan jarri da Bilboko taldea Europa Ligako aurreneko jardunaldiaren ostean. Amestutako mendekua hartu dute zurigorriek.
Indartsu ekin dio Athleticek “areako” epaileen berezitasuna izan duen partiduari. UEFAk neurketa bakoitzean 2 epaile gehiago jartzea erabaki du eta gaurkoan egin duten lana ikusita, zalantzan jar daiteke instituzioaren erabakia. Izan ere, norgehiagoka hasi eta gutxira epaile nagusiak penaltia adierazi du Suttnerrek Susaetari egindako ustezko falta baten ostean. Bota egin da eibartarra. Fernando Llorentek asmatu egin du eta zurigorrien lehen gola igo da markagailura.
Egin beharrekoa ondo ikasita zelairatu dira zurigorriak. Aspaldiko partez, baloia ondo ukitu dute, lehen tokean jokatuta. Horren isla bigarren golaren jokaldia izan da. Etxeberriak pasea eman dio Susaetari eskuin hegalean, eibartarrak baloia jarri du penalti puntuan eta Llorentek, berriz, Safarren atea zulatu du bolea bikain batekin. 2 eta 0 eta partidua ia erabakita utzi dute zurigorriek.
Vienako Austria saiatu da aldea murrizten baina Iraizoz izan dute kanpotarrak gainditu ezineko horma. 35garren minutuan bakarrik gelditu da Diabang atezainaren aurrean baina ezin izan du baloia sarera bidali.
Aldageletara joan aurretik, Athleticek aldea handitzeko aukera izan du. Muniainek zutoinera bidali du baloia areaz kanpotik egindako jaurtiketa baten ondoren.
Bigarren zatian Caparrosen gizonen nagusitasuna areagotu egin da. Austriako taldeak erraztasunak eman ditu defentsan, baita zelai erdian ere. Baloiaren jabetza Athleticentzat izan da eta hori dela eta, gol aukera anitz sortu dituzte bilbotarrek.
49.an, Yesteren falta jaurtiketa zutoin ondotik joan da kanpora. Basauritarrak ateratako korner batean, Llorentek ezin izan du buruz baloia ate barruan sartu. Muniainek eman du zurigorrien hirugarren abisua gola egin aurretik. Dotore eta bizkortasunez gidatu du baloia gazteak area batetik bestera, baina azken pasean egin du huts nafarrak. 57. minutuan, ordea, ez du barkatu Muniainek. Iraolak hasi du jokaldia, Etxeberria eman dio baloia, honek pareta egin du usurbildarrarekin eta Iraolak berak gola oparitu dio Muniaini. Partidu borobila egin du gaurkoan Iraolak, defentsan zein erasoan. 3 eta 0ekoa.
Denbora zegoen oraindik aldea handitzeko, baina ez dute zorterik izan zurigorriek. Susaeta eta Muniain bera saiatu dira Safarren atea zulatzen, baina ez dute asmatu. Azken minutuetan zelairatu den David Lopezek langara bidali du baloia Vienako jokalari batean ukitu ostean. Markagailua ez da mugitu azken minutuetan.
Vienako Austriak kaleratu zuen Athletic talde zurigorriak Europan parte hartu zuen azken aldian, eta zurigorriek mendeku gosea asetzea lortu dute gaurko neurketarekin.
Erlazionatutako sarrerak

Gaur, Irailak 17, Athletic eta FK Austria taldeen arteko partida ikusteko aukera izango dugu San Mames futbol zelaian.
Norgehiagoka gaueko 21.05etan hasiko da eta UEFA Europa League-aren partida honetarako, Joaquin Caparros entrenatzaileak honako jokalariak deitu ditu FK Austriaren aurka jokatzeko:
- Iraizoz
- Toquero
- Amorebieta
- Etxeita
- David Lopez
- Llorente
- Yeste
- Gabilondo
- San Jose
- Armando
- Susaeta,
- Iraola
- Etxeberria
- Gurpegi
- Zubiaurre
- Aitor Ocio
- Castillo
- Muniain
Erlazionatutako sarrerak
13
Ira
Egilea janirefragua
15 urte ziren Athleticek ligako aurreneko 2 partiduak irabazten ez zituela. 94-95 denboraldian Racing eta Real Madril menderatu zituen talde zurigorriak lehen bi jardunaldietan, eta gaur Xerezen aurka eskuratutako garaipenarekin, berriz lortu du. Athletic da Real Madril, Barça eta Valentziarekin batera, aurreneko 6 puntuak lortu dituzten talde bakarrak.
Kuko Zigandaren Xerez zuten aurrean gaur Caporrosenek. Lehen mailan egin du debuta Cadizko taldeak Chapinen, porrotarekin, ordea. Izan ere, 0-1 nagusitu zaio Athleticek iazko 2. mailako txapeldunari.
Etxekoak arrisku handiarekin hurbildu dira Gorkaren ate ingurura aurreneko minutuetan. 6.ean Iraizozek bikain urrundu du Armenterosen jaurtiketa indartsua areaz kanpotik. Aurretik, defentsa zurigorriak kornerrera desbideratu du Momoren erdiraketa erdilariaren jokaldi polit baten ostean.
Etxeko taldea nagusi zen, baina 12. minutuan Athleticek izan du gola egiteko aukerarik garbiena. Yestek falta bat bota eta Toquerok buruz jo ostean, baloia Abelek eskuarekin area barruan ukitu duela adierazi du epaileak. Javi Martinezek ez du asmatu; Renan atezainak gelditu du nafarrak jaurti duen penaltia.
Zigandaren taldeak eraman du partiduaren erritmoa hasieratik baina ez da gai izan gola egiteko. Bai, ordea, Bilboko taldeak. 31.ean, Susaetak ondo landutako jokaldi baten ostean, Prietok ate barrura bidali du eibartarraren erdiraketa. 1 eta 0 zurigorrientzat. Handik 2 minutura, Llorentek aldea handitzeko aukera paregabea izan du. Baloia sakonean sartu diote aurrelariari, kontrola ondo egin du nafarrak baina ondoren gehiegi gurutzatu du baloia.
Gaurko partidu berezia zen Bermejorentzat eta zelaian nabaritu da. Oso berotuta agertu da 97-98 denboraldian Athleticen ibilitako jokalaria. Uneoro borrokatu da aurrelaria defentsa zurigorriarekin. Xerezek erasoan sortu duen arriskurik handiena eskuin hegaletik etorri da. Amorebietak kornerrera bidali behar izan du baloia 40.ean eta jokaldi horretan Kukorenak gola egiteko zorian izan dira. Aythamik buruz jo du baloia baina Francisek ez du errematean asmatu. Epaileak lehen zatiaren amaiera adierazi aurretik, Llorentek langara bidali du baloia buruz.
Xerez golaren bila atera da aldageletatik eta Iraizozek lanak izan ditu atea hutsean mantentzeko. 46. garrenean, Momoeren jaurtiketa gelditu du bikain atezain nafarrak. Athleticen erantzuna berehala etorri da. Toquerok baloia pasatzen utzi du area barruan eta Susaetak Renanen ezker zutoinetik hurbil bidali du baloia gutxigatik kanpora.
Denborak aurrera joan ahala, Athleticek baloiaren jabetza errekuperatuz joan da, zelai erdian lan handia eginda. Hala ere, 51.ean, susto ederra hartu dute zurigorriek. Zigandaren mutilak jokaldi borobila landu eta Iraizozek nekez gelditu du Bergantiñosen jaurtiketa.
Jo ta ke ari ziren etxekoak golaren bila baina Athleticen defentsarekin eta atezainarekin egin dute topo behin eta berriz. Caparrosek Muniain eta Gurpegi zelairatu ditu bigarren zatia hasi eta gutxira eta bilbotarrek abiadura eta sendotasuna irabazi dute aldaketan. Susaetak lan fina egin du gaurkoan. Onena izan da eta Renanek soilik ekidin du eibartarraren gola. 74.an esku erabakigarria atera du Xerezen atezainak Susaetaren jaurtiketa eskuaira bidean zihoanean.
Azken minutuetan, ordea, atzean sartu da talde zurigorria eta arazoak izan ditu Xerezen erasoaldiei aurre egiteko. Viqueirak 81. minutuan botatako faltari erantzun bikaina eman dio Iraizozek. Eta 2 minutura, Momok ezin izan du aprobetxatu Viqueirak sakonean eman dion pasea. Kanariarraren jaurtiketa gora joan da.
Amaieran, 0-1 Athleticentzat. Garaipen garrantzitsua zurigorrientzat datorren ostegunean Europako Ligan Vienako Austriari indar beteta aurre egin ahal izateko.
Erlazionatutako sarrerak