15 urte ziren Athleticek ligako aurreneko 2 partiduak irabazten ez zituela. 94-95 denboraldian Racing eta Real Madril menderatu zituen talde zurigorriak lehen bi jardunaldietan, eta gaur Xerezen aurka eskuratutako garaipenarekin, berriz lortu du. Athletic da Real Madril, Barça eta Valentziarekin batera, aurreneko 6 puntuak lortu dituzten talde bakarrak.
Kuko Zigandaren Xerez zuten aurrean gaur Caporrosenek. Lehen mailan egin du debuta Cadizko taldeak Chapinen, porrotarekin, ordea. Izan ere, 0-1 nagusitu zaio Athleticek iazko 2. mailako txapeldunari.
Etxekoak arrisku handiarekin hurbildu dira Gorkaren ate ingurura aurreneko minutuetan. 6.ean Iraizozek bikain urrundu du Armenterosen jaurtiketa indartsua areaz kanpotik. Aurretik, defentsa zurigorriak kornerrera desbideratu du Momoren erdiraketa erdilariaren jokaldi polit baten ostean.
Etxeko taldea nagusi zen, baina 12. minutuan Athleticek izan du gola egiteko aukerarik garbiena. Yestek falta bat bota eta Toquerok buruz jo ostean, baloia Abelek eskuarekin area barruan ukitu duela adierazi du epaileak. Javi Martinezek ez du asmatu; Renan atezainak gelditu du nafarrak jaurti duen penaltia.
Zigandaren taldeak eraman du partiduaren erritmoa hasieratik baina ez da gai izan gola egiteko. Bai, ordea, Bilboko taldeak. 31.ean, Susaetak ondo landutako jokaldi baten ostean, Prietok ate barrura bidali du eibartarraren erdiraketa. 1 eta 0 zurigorrientzat. Handik 2 minutura, Llorentek aldea handitzeko aukera paregabea izan du. Baloia sakonean sartu diote aurrelariari, kontrola ondo egin du nafarrak baina ondoren gehiegi gurutzatu du baloia.
Gaurko partidu berezia zen Bermejorentzat eta zelaian nabaritu da. Oso berotuta agertu da 97-98 denboraldian Athleticen ibilitako jokalaria. Uneoro borrokatu da aurrelaria defentsa zurigorriarekin. Xerezek erasoan sortu duen arriskurik handiena eskuin hegaletik etorri da. Amorebietak kornerrera bidali behar izan du baloia 40.ean eta jokaldi horretan Kukorenak gola egiteko zorian izan dira. Aythamik buruz jo du baloia baina Francisek ez du errematean asmatu. Epaileak lehen zatiaren amaiera adierazi aurretik, Llorentek langara bidali du baloia buruz.
Xerez golaren bila atera da aldageletatik eta Iraizozek lanak izan ditu atea hutsean mantentzeko. 46. garrenean, Momoeren jaurtiketa gelditu du bikain atezain nafarrak. Athleticen erantzuna berehala etorri da. Toquerok baloia pasatzen utzi du area barruan eta Susaetak Renanen ezker zutoinetik hurbil bidali du baloia gutxigatik kanpora.
Denborak aurrera joan ahala, Athleticek baloiaren jabetza errekuperatuz joan da, zelai erdian lan handia eginda. Hala ere, 51.ean, susto ederra hartu dute zurigorriek. Zigandaren mutilak jokaldi borobila landu eta Iraizozek nekez gelditu du Bergantiñosen jaurtiketa.
Jo ta ke ari ziren etxekoak golaren bila baina Athleticen defentsarekin eta atezainarekin egin dute topo behin eta berriz. Caparrosek Muniain eta Gurpegi zelairatu ditu bigarren zatia hasi eta gutxira eta bilbotarrek abiadura eta sendotasuna irabazi dute aldaketan. Susaetak lan fina egin du gaurkoan. Onena izan da eta Renanek soilik ekidin du eibartarraren gola. 74.an esku erabakigarria atera du Xerezen atezainak Susaetaren jaurtiketa eskuaira bidean zihoanean.
Azken minutuetan, ordea, atzean sartu da talde zurigorria eta arazoak izan ditu Xerezen erasoaldiei aurre egiteko. Viqueirak 81. minutuan botatako faltari erantzun bikaina eman dio Iraizozek. Eta 2 minutura, Momok ezin izan du aprobetxatu Viqueirak sakonean eman dion pasea. Kanariarraren jaurtiketa gora joan da.
Amaieran, 0-1 Athleticentzat. Garaipen garrantzitsua zurigorrientzat datorren ostegunean Europako Ligan Vienako Austriari indar beteta aurre egin ahal izateko.
Erlazionatutako sarrerak



Atalak:
Etiketak: 

