Etiketak: Gabilondo
28
Ots
Egilea janirefragua
Athleticek 1-2 galdu du gaur Sevillaren aurka San Mamesen ez-ohiko talde batekin. 2 titular baino ez ditu zelairatu hasieratik Caparrosek Kopako finalerdietako entseguan, argi eta garbi utzita zein den gaur egun talde zurigorriaren lehentasuna. Asteazkenean, zalantzarik gabe, beste istorioa ikusiko da Katedralean.
Utrerako entrenatzailearen planteamenduak ez du fruiturik eman Sevillaren aurka. Ikusi denagatik, indar guztiak Kopako finalerdietako itzulerako neurketan jarriko ditu Bilboko taldeak. Bi teknikoen helburuak erabat ezberdinak ziren gaurkoan, izan ere, Manolo Jimenezek titular gehienak atera ditu 3 puntuak eskuratzeko asmotan. Caparrosen jomuga, ordea, aurkaria nekatzea izan da, eta lortu duen ala ez, asteazkenean ikusiko da.
Athleticek markagailuan aurrea hartu duen arren, Sevillak kontrolatu du partidua, erritmoa eta pilota. Lehendabiziko 20 minutuetan jaun eta jabe izan da eta gola egiteko aukera pare bat galdu ostean, zurigorrien gola iritsi da. Korner baten, Etxeitak buruz ukitu du baloia eta Sevillako defentsak aldaratzean egindako hutsa Gabilondok aprobetxatu du 1-0ekoa egiteko. 26. minutua zen eta golarekin Athletic suspertu egin da. Presioa eragin, baloiaz jabetu eta arazoetan sartu du Sevillako taldea.
Irudikeria baino ez da izan, ordea. 12 minutu geroago Kanoute agertu baita norgehiagoka berdintzeko. Balenziagak huts galanta egin du area ertzean baloia aldendu barik, Mosquerari emanda. Kolonbiarrak erdiratu eta Kanoutek bikain kontrolatu du baloia sarera bidaltzeko.
Aldageletatik bueltan gauzak ez dira aldatu. Baloiaren jabe jarraitu du Sevillak eta bere jokoak saria izan du 12. minutuan. Romaricek pase ederra sartu dio sakonean Kanouteri eta Maliko aurrelariak, behin ere, baloia kontrolatu, defentsa gainetik kendu eta jaurtiketa gurutzatu batekin Armando gainditu du.
Athletic ez da erantzuteko gai izan. Neurketako azken minutuetan Toquerok eta Iñigo Velezek partidua berdintzeko bi aukera izan dituzte baina gola ez da iritsi.
Alpeetako lehen etapan punturik gabe gelditu dira zurigorriak. Burua, ordea, tarteko beste helmuga baten jarrita daukate jokalariek, Caparrosek eta San Mameseko zaleek. Asteazkenean, gaurko estrategiari etekinik atera dioten ikusiko da.
Erlazionatutako sarrerak
29
Urt
Egilea janirefragua
Athletic Kopako finalerdietan da Sporting 1-2 mendean hartu ostean. Carmeloren golarekin aurrea hartu dute asturiarrek, baina Gabilondok eta David Lopezek buelta eman diote markagailuari. Hurrengo kanporaketarako aurkaria bihar jakingo dute; Valentzia edo Sevilla izango da zurigorrien hurrengo hitzordua.
Joaneko 0-0eko berdinketarekin asko irabazita zuten bilbotarrek. Hala ere, ez diote ondo ekin neurketari. Partidua hasi eta berehala jaso dute gola Caparrosen gizonek. Atzealdean baloia galdu eta Carmelok, jaurtiketa gogor baten bitartez, Iraizoz gainditu du. Gauzak gaizki hasi dira Athleticentzat.
Manolo Preciadoren gizonek goian presionatu dute eta arazo anitz sortu diote talde zurigorriari. Etxekoen golari erantzuna emateko aukera bikaina izan du David Lopezek 3. minutuan baina gora joan zaio baloia.
Sportinek izan du baloiaren jabetza lehen zatian, baina gola egiteko aukerarik garbienak Athleticek izan ditu. Amorebietak eta Javi Martinezek berdinketa lortzeko bi abagune izan dituzte, baina haien burukadek ez dute Sergio Sanchezen atea zulatzerik izan.
Pixkanaka-pixkanaka Athletic bere lekua topatu du. Ohi bezala, baloi luzeekin Llorenteren nagusitasuna bilatu dute Sportingen area inguruan. Atsedenaldira joan aurretik, zurigorriak gora joan dira eta ekinearen ekinez saria lortu dute. 42.ean, Llorentek buruz utzi dio baloia Gabilondori eta Añorgakoak, area barruan, baselina ederra egin eta 1-1koa lortu du. Athletic Kopako finalerdietan zen.
Lehen zatiaren amaiera momenturik txarrenean iritsi zaio Athletici. Eskerrak indartsu atera dela Bilboko taldea aldageletatik. Indartsu eta gogotsu, bigarren zatia hasi eta gutxira garaipenaren gola sartu baitute zurigorriek. Orbaizek baloia lapurtu du zelai erdian. Pase milimetratua sartu dio David Lopezi eta errioxarrak ez du hutsik egin.
Yesteren zelairatzearekin batera, taldeak nagusitasuna berreskuratu du zelai erdian. Basauritarrak partiduaren erritmoa lasaitu eta egonkortasuna eman dio taldeari. Bere oinetan sortu da Orbaizek hirugarrena sartzeko izan duen aukera. Nafarraren jaurtiketa Llorenteren gorputzean ukitu eta desbideratuta joan da kanpora. Eta 73.ean, Yeste berriz protagonista. Bere falta jaurtiketa zutoinean jo du.
Norgehiagokaren azken txanpan Sporting bete-betean joan da neurketaren bila; beranduegi, ordea. Asturiarrek berdinketa lortzeko izan duten abagunerik argiena Iraizozek gelditu du.
Amaieran, garaipena Athleticentzat. Kopako finalerdietako aurkaria gogorra izango da baina, behintzat, itzuliko neurketa San Mamesen jokatuko dute zurigorriek.
Erlazionatutako sarrerak
18
Urt
Egilea janirefragua
Atheticek 3 puntuak lortu ditu gaur Valentzia 3-2 menderatuta eta azken jardunaldietako martxa bikainari eutsi dio San Mameseko zaleen gozamenerako. Aspaldi ez zen ikusten halako ikuskizunik Katedralean; izan ere, neurketaren erritmoa bizi-bizia izan da eta bi taldeek azken minutura arte borrokatu dute. Llorentek luzapenean sartutako penaltiari esker eskuratu dute zurigorriek garaipena.
Amaieran 3 puntuak lortu arren, partidua maldan gora jarri zaio Athletici hasiera-hasieratik. 2. minutuan Matak pase ederra sartu dio Villari eta asturiarrak ez du hutsik egin. Ezer gutxi egiteko aukera izan dute atzelari bilbotarrek.
Caparrosen mutilak ez dira kikildu eta gola bilatzeari ekin diote. Llorente eta Ion Velez bilatu dute etengabe Valentziaren area barruan eta defentsak gorriak ikusi ditu bi aurrelariak gelditzeko. Hegaletako jokalarien jokoa eteteko ere arazo handiak izan ditu Unai Emeryren taldeak. Berdinketa, hain zuzen, David Lopezek eskuin hegaletik egindako jokaldi baten ostean iritsi da. Errioxarraren erdiraketa Gabilondok bidali du sare barrura. Banakoa San Mamesen. Golarekin zurigorriak suspertu dira eta arrisku handia eraman dute etsairen areara. Dena den, Valentzia ez da atzean sartu eta berriz izan ditu margakagailuan aurrea hartzeko aukerak. Ez dute asmatu, behintzat 29. minutura arte. Ondo lotutako jokaldi baten bitartez 2-1ekoa egin dute Valentziakoek. Joaquinek lerro-artean sartu dio baloia Angulori eta asturiarraren erdiraketa Morientek sartu du.
Athleticen erantzuna atsedenaldira iristeko 3 minutu falta zirela heldu da. David Lopezek falta atera du eta Javi Martinezek buruz berdindu du berriz neurketa. Eta hurrengo minutuan Llorentek Athletic aurretik jartzeko aukera kanpora bota du.
2-2 joan dira aldageletara. Bigarren zatian partiduak ez du erritmorik galdu. Aukera anitz ikusi dira area batean eta bestean, eta Valentzia beste gol bat sartzeko zorian izan da aurreneko minutuetan. Joaquinek langara bidali du baloia 48.ean eta Matak kanpora minutu gutxira. Athleticen aldetik, Javi Martinezek, Llorentek eta David Lopezek izan dituzte abagunerik argienak.
Iraizozen lana ere erabakigarria izan da, baita estrategia-jokaldiak ere. Garaipenaren gola, hain zuzen, korner baten ondorioz heldu da. Iraolak penalti puntuan jarri du baloia, Javi Martinezek buruz utzi dio Llorenteri eta honek jaurtiketa egiterakoan Fernandesek besoa heldu dio. Aurrelari nafarra lurrera joan da eta epailea ez da okertu penaltia adierazita. Athleticeko pitxitxiak berak hartu du baloia eta barrura botata, garaipena eman dio talde zurigorriari.
Indarrez ekin dio Bilboko taldeak 2009. urteari eta jarraian 7 jardunaldi daramate lehoiek partidurik galdu gabe. Jaitsiera-postuak 11 puntura utzi dituzte dagoeneko Caparrosen gizonek. Arratsaldeko albiste txarra Athleticeko jokalariek ikusi dituzten txartel horiak izan da. Ociok eta Javi Mrtinezek bostgarrena ikusi dute eta ezin izango dute hurrengo neurketa jokatu.
Erlazionatutako sarrerak
15
Urt
Egilea janirefragua
Joaneko 1-1eko emaitzaren ostean, Athleticek 2-0 hartu du gaur mendean Osasuna San Mamesen eta Sportingen aurka neurtuko ditu indarrak Kopako final laurdenetan.
Partiduko aurreneko minutuetatik bideratu du kanporaketa talde zurigorriak. 5. minutuan Osasunaren defentsaren hanka sartzearen ondorioz, Gabilondok lehen gola egin du Athleticentzat. Ez dira fin ibili atzerari gorritxoak eta bakarrik utzi dute Añorgakoa.
Maldan gora jarri zaio norgehiagoka Osasunari eta ez da gai izan 90 minututan markagailuari buelta emateko. Zelai erdian jaun eta jabe izan dira erdilari zurigorriak; Caparrosen gizonen jokoa Javi Martinezen eta Orbaizen hanketan sortu da eta nagusitasun hori neurketa bideratzeko baliatu du Bilboko taldeak.
Bigarrena sartzeko aukera 10 minutu geroago izan du Athleticek. 16.ean, Llorenteren jaurtiketa gutxigatik joan da kanpora Ricardoren esker zutoinetik. Eta 2 minutu geroago, partidua ia erabakita utzi duen gola iritsi da. Susaetaren jokaldi polit baten ondorioz Ion Velezek baloia jaso eta bere jaurtiketa Josetxok desbideratu du ate barrura. 2-0ekoa Athleticentzat.
Bigarren gol horrek oso ukituta utzi du talde nafarra eta ezin izan du hortik aurrera burua jaso. Saiatu da, Sunnyren burukada bat tarteko, baina ezin izan du Iraizozen atea zulatu.
Aldageletatik bueltan, Athleticen nagusitasunak gora egin du Gabilondo bikain baten eskutik. Gipuzkoarrak behin eta berriz eraman du arriskua Ricardoren ate ingurura. 55. minutuan hirugarrena egiteko zorian egon da baina nafarren atezaina fin ibili da eta baloia kornerrera bota du. Talde zurigorriak ez dio aukerarik eman Osasunari eta gorritxoek, gainera, ez dute aprobetxatu norgehiagoka osoan izan duten abagune argi bakarra. 62.ean epaileak Gabilondok Portillori egindako penaltia ikusi du. Aurrelariak berak hartu du bere gain penaltia botatzeko erantzukizuna eta huts egin du. Gaizki jaurti du Portillok eta Iraizozek baloia gelditu du.
Camachok Delporte eta Pantiani zelairatu ditu eta horiekin Osasunak pixkat hobetu du bere jokoa; beranduegi, ordea. Gabilondoren eta Josetxoren aukera banarekin ostean amaitu da neurketa. Iruñeako taldeak Ligan jarri ahal izango ditu orain indar guztiak. Athleticek, tartean, Kopako finala jokatzeko ametsari etsiko dio. Zurigorrien hurrengo erronka Sporting menderatzea.
Erlazionatutako sarrerak
13
Aza
Egilea janirefragua
Athleticek sufrituta eskuratu du gaur Kopako final zortzirenetarako txartela Recreativoren aurka. Caparrosen mutilek 2 eta 1 galdu dute Huelvan, baina Llorentek 75. minutuan sartutako penaltiari esker, zurigorriak hurrengo zozketan izango dira.
San Mamesen eskuratutako 2-0ekoarekin kanporaketa bideratuta utzi arren, gorriak ikusi dituzte bilbotarrek Kopan aurrera egiteko. Ligan jaitsiera-postuetan daude bi taldeak eta gaurko ikuskizun kaskarra ikusita, nahiko argi gelditu da egoera horri buelta ematea dela bi taldeen lehentasuna.
Buruz sartutako bi golekin aurrea hartu du Recreativok. 23. minutuan Akalek sartu du neurketaren lehen gola falta jaurtiketa baten ondoren, eta 7 minutu geroago, 30. ean, Ersen Martinek baloia sare barrura bidali eta kanporaketa berdindu du.
Alcarazen gizonek Athletici utzi diote baloiaren jabetza kontraerasoren bat aprobetxatzeko asmoz, baina zurigorriek ez diote horri etekinik atera. Bigarren zatian pixka bat suspertu eta nagusi izan dira lehoiak, baina aukera garbirik sortu gabe. Gabilondoren jaurtiketa batek, soilik, eraman du arriskua Recreativoren ate ingurura.
75. minutuan, ordea, Roberto Huelvakoen atezainak huts egin eta Ion Velez lurrera bota du area barruan. Penaltia eta Fernando Llorentek barrura.
“Garaipen” honekin, Athleticek arnasa hartu du ligako erronkari begira. Hurrengo pausua, Osasunaren aurkako derbia.
Â
Â
Fitxa teknikoa:
Errege Kopa 2008-09. Final hamaseirenak.
Recreativo 2: 1-0, 23. min.: Akalé. 2-0, 30. min.: Ersen Martin.
Athletic 1: 2-1, 75. min.: Llorente (p).
Recreativo: Roberto; Iago Bouzón, César Arzo, Lamas, Casado; Aitor, Javi Fuego (Jesús Vázquez, 80. min.), Rafa Barber, Akalé (Joselito, 80. min.); Adrián Colunga eta Ersen Martin (Marco Rúben, 42. min.).
Athletic: Iraizoz; Gurpegui, Aitor Ocio, Ustaritz, Koikili; Susaeta (Etxeita, 85. min.), Javi MartÃnez (Ión Vélez, 63. min.), Iturraspe (Pablo Orbaiz, 46. min.), Gabilondo; GarmendÃa eta Llorente.
Erlazionatutako sarrerak