Etiketak: Gol
18
Urt
Egilea janirefragua
Atheticek 3 puntuak lortu ditu gaur Valentzia 3-2 menderatuta eta azken jardunaldietako martxa bikainari eutsi dio San Mameseko zaleen gozamenerako. Aspaldi ez zen ikusten halako ikuskizunik Katedralean; izan ere, neurketaren erritmoa bizi-bizia izan da eta bi taldeek azken minutura arte borrokatu dute. Llorentek luzapenean sartutako penaltiari esker eskuratu dute zurigorriek garaipena.
Amaieran 3 puntuak lortu arren, partidua maldan gora jarri zaio Athletici hasiera-hasieratik. 2. minutuan Matak pase ederra sartu dio Villari eta asturiarrak ez du hutsik egin. Ezer gutxi egiteko aukera izan dute atzelari bilbotarrek.
Caparrosen mutilak ez dira kikildu eta gola bilatzeari ekin diote. Llorente eta Ion Velez bilatu dute etengabe Valentziaren area barruan eta defentsak gorriak ikusi ditu bi aurrelariak gelditzeko. Hegaletako jokalarien jokoa eteteko ere arazo handiak izan ditu Unai Emeryren taldeak. Berdinketa, hain zuzen, David Lopezek eskuin hegaletik egindako jokaldi baten ostean iritsi da. Errioxarraren erdiraketa Gabilondok bidali du sare barrura. Banakoa San Mamesen. Golarekin zurigorriak suspertu dira eta arrisku handia eraman dute etsairen areara. Dena den, Valentzia ez da atzean sartu eta berriz izan ditu margakagailuan aurrea hartzeko aukerak. Ez dute asmatu, behintzat 29. minutura arte. Ondo lotutako jokaldi baten bitartez 2-1ekoa egin dute Valentziakoek. Joaquinek lerro-artean sartu dio baloia Angulori eta asturiarraren erdiraketa Morientek sartu du.
Athleticen erantzuna atsedenaldira iristeko 3 minutu falta zirela heldu da. David Lopezek falta atera du eta Javi Martinezek buruz berdindu du berriz neurketa. Eta hurrengo minutuan Llorentek Athletic aurretik jartzeko aukera kanpora bota du.
2-2 joan dira aldageletara. Bigarren zatian partiduak ez du erritmorik galdu. Aukera anitz ikusi dira area batean eta bestean, eta Valentzia beste gol bat sartzeko zorian izan da aurreneko minutuetan. Joaquinek langara bidali du baloia 48.ean eta Matak kanpora minutu gutxira. Athleticen aldetik, Javi Martinezek, Llorentek eta David Lopezek izan dituzte abagunerik argienak.
Iraizozen lana ere erabakigarria izan da, baita estrategia-jokaldiak ere. Garaipenaren gola, hain zuzen, korner baten ondorioz heldu da. Iraolak penalti puntuan jarri du baloia, Javi Martinezek buruz utzi dio Llorenteri eta honek jaurtiketa egiterakoan Fernandesek besoa heldu dio. Aurrelari nafarra lurrera joan da eta epailea ez da okertu penaltia adierazita. Athleticeko pitxitxiak berak hartu du baloia eta barrura botata, garaipena eman dio talde zurigorriari.
Indarrez ekin dio Bilboko taldeak 2009. urteari eta jarraian 7 jardunaldi daramate lehoiek partidurik galdu gabe. Jaitsiera-postuak 11 puntura utzi dituzte dagoeneko Caparrosen gizonek. Arratsaldeko albiste txarra Athleticeko jokalariek ikusi dituzten txartel horiak izan da. Ociok eta Javi Mrtinezek bostgarrena ikusi dute eta ezin izango dute hurrengo neurketa jokatu.
Erlazionatutako sarrerak
01
Abe
Egilea janirefragua

Athleticek arnasa hartu du gaur urrezko hiru puntu lortuta Numantziaren aurka. Llorentek, bi golekin, talde zurigorria atera du jaitsiera postuetatik, eta Caparrosek lasaitasunez aurre egin ahal izango dio Racingen aurkako neurketari.
6 aste sailkapeneko putzuan igaro ostean eta gaur puntuak ezinbestekoak zirela jakinda, horien bila irten da Athletic partidu hasieratik. Baloiaren jabe egin eta 6. minutuan aurreneko poza eman die taldeak San Mamesen bildu diren jarraitzaileei. Yestek azkar atera du falta bat defentsa ezustean harrapatuz eta Fernando Llorentek zurigorrien lehen gola sartu du Susaetaren erdiraketa aprobetxatuta. Jokalariek bizi duten tentsioa agerian gelditu da Caparros amorruz besarkatu dutenean gola ospatzeko.
Numantzia, ordea, ez da kikildu zurigorriek aurrea hartu dutenean eta arriskua eraman du Iraizozen ate ingurura. Dena den, ez da gai izan Kresicen taldea baloia sare barruan sartzeko behin eta berriz saiatu den arren. Athleticentzat gol bateko aldea ez zen nahikoa eta bigarrenaren bila joan da. Garmendiak sartu du, baina epaileak balio gabe utzi du Llorentek baloia ikutu baitu jokoz kanpo zegoenean.
Saiatu da Bilboko taldea eta 30. minutuan saria heldu zaio. Llorentek baloia jaso du Numantziaren area inguruan. Buelta eman eta defentsa atzean utzita, Juan Pablok gelditu ezin izan duen jaurtiketa bikaina egin du aurrelari nafarrak. Momentu goxoan da Llorente eta gaur erakutsi du denboraldiko 4. eta 5. golak sartuta.
2 eta 0eko markagailuarekin, zurigorriek sufritu egin dute. Numantzia gora joan da eta gorriak ikusi dituzte Caparrosen mutilek atea hutsean uzteko. Atsedenaldia ondo etorri zaie zurigorriei eta bigarren zatiaren aurreneko minutuetan neurketa erabakita uzteko aukera izan dute, baina Susaetaren jaurtiketa langara joan da. Hortik aurrera, etxekoen helburua emaitzari eustea izan da, errenta handitzeko aukerak ere izan dituzten arren; Iraola eta David Lopez hirugarren gola sartzeko zorian izan dira.
Amaieran, garaipen garrantzitsua Athleticentzat San Mamesen. Jaitsiera postuetatik irten eta taldeari konfidantza ematen dizkioten hiru puntu eskuratu ditu gaur talde zurigorriak. Lehenbiziko match-ball-a libratu du Joaquin Caparrosek.
Erlazionatutako sarrerak
24
Aza
Egilea janirefragua
Athleticek jeitsiera postuetatik irteteko aukera galdu du gaur Riazorren hiru puntuak A Coruñan utzita. Caparrosen mutilek gola egiteko aukera anitz izan dituzte baina Deportivo finago ibili da ateari begira eta 3 eta 1 menderatu du talde zurigorria. Dani Aranzubiak, gainera, penalti bat gelditu dio Andoni Iraolari lehen zatiko 24. minutuan.
Athleticek noraezean jarraitzen du BBVA ligan. Gol aukerak sortu, sortzen ditu, baina baloia sarera eramateko zailtasunak ditu. Eta ez hori bakarrik; atzealdean ere, makal dabil Bilboko taldea. Defentsaren huts baten ondorioz iritsi da, hain zuzen ere, Deporren lehen gola. Verdúk falta bat atera eta Iraizozen aldaratzea barrura bidali du Ze Castrok. Defentsa lotan harrapatu du atzelari portugaldarrak.
Handik 4 minutura, zurigorrien erantzuna. Epaileak Llorenteri egindako penalti bat ikusi du area barruan, baina Iraolak ez du asmatu. 8 urte eman ditu Aranzubiak usurbildarrarekin Athleticeko lehen taldean eta atezainak baloia kornerrera bidali du. Alferrik galdu dute Caparrosen mutilek neurketa berdintzeko aukera.
Deportivo suspertu egin da horren ondorioz eta behin eta berriz eraman du arriskua Iraizozen ate ingurura. Dena den, bikain ibili da gaur atezain nafarra eta 26.ean, Ocioren huts galantaren ostean, bi geldiketa ikusgarri egin dizkio Andres Guardado mexikarrari. Hurrengoan, ordea, ezin izan du ezer ez egin Gorkak. Bodipo ezker hegaletik sartu da eta Amorebieta zuzen joan da aurrelariaren bila. Iurretakoak burua galdu du behin ere. Penaltia Deporrentzat eta Verdúk ez du hutsik egin. 2 eta 0ekoa Lotinaren taldearentzat.
Atsedenaldian Caparros Etxeberria zelairatu du Garmendiaren ordez eta Athletic gogotsuago irten da bigarren zatiko aurreneko minutuetan. Llorentek aldea murrizteko aukera pare bat izan ditu, baina ezin asmatu. Zurigorriek jo eta ke jarraitu dute eta ekinearen ekinez, gola iritsi da. 71. minutuan Orbaizen erdiraketa batek Javi Martinezen burua aurkitu du: 2 eta 1 markagailuan.
Golak indarra eman dio talde bilbotarrari eta berdinketa eskuratzeko zorian izan da, baina Llorentek egindako jaurtiketa batek Javi Martinezen gorputzean jo du atera zihoanean. Hori izan da Athleticek puntu bat eskuratzeko izan duen azkena. Gora joan da Athletic eta Deportivok kontraerasoan ustekabean harrapatu du Ibaiganeko taldea: 3 eta 1ekoa eta etxera.
Lehen mailako sailkapeneko 18. postuan jarraitzen du Caparrosen taldeak. Puntuak 3na lortu behar dira egoera horri lehenbaitlehen buelta emateko.
Erlazionatutako sarrerak
20
Aza
Egilea janirefragua
Lehendabiziko deialdia eta debuta. Lagunartekoa bada ere, Fernando Llorentek Espainiako selekzioarekin egin zuen debuta atzo Txileren aurka. Eta debut ederra gainera, Athleticeko aurrelariak gola sartzeko zorian izan baitzen El Madrigal futbol zelaian.
71. minutuan zelairatu zen Llorente erasoan Torresekin bikotea osatzeko. Baloi pare bat ikutu eta hirugarrenean burukada kanpora Europako txapelduna den selekzioak bota zuen korner baten ostean. Aurrelariaren lehen abisua. Jokoan parte hartzeko grina agerian gelditu zen zelaian eman zituen 20 minutuetan. Llorentek baloia eskatu zuen behin eta berriz, eta Vicente Del Bosqueren selekzioan lekua egiteko gai dela erakutsi zuen. Baloia sarera eramateko izan zuen abagunerik argiena kontraeraso batean iritsi zen. Cazorla area barruan sartu eta bere pasea nafarraren oinetara iritsi zen. Errematea, ordea, gutxigatik irten zen Claudio Bravo Errealeko atezainaren ezker zutoinaren ondotik. Gutxi falta izan zitzaion Llorenteri taldearen laugarren gola sartzeko.
Fernando Llorente goraka doa, zalantzarik gabe, eta Athleticeko zaleak pozik egoteko arrazoia dute. Baina ez horregatik bakarrik; ez Bilboko taldean egiten ari den lanarekin soilik. Julio Salinasek Espainiarekin jokatu zuen azken partidutik, Lezamatik aterarako aurrelari petorik ez da Espainiako selekzioarekin aritu. 12 urte eta ia 4 hilabete pasa dira ordutik. Fernando Llorentek historia aldatu zuen atzo, eta bazen garaia.
Athleticeko aurrelariaren hurrengo erronka, debut ofiziala.
Erlazionatutako sarrerak