Deprecated: Assigning the return value of new by reference is deprecated in /usr/home/kiroldegi.com/web/wp-settings.php on line 520

Deprecated: Assigning the return value of new by reference is deprecated in /usr/home/kiroldegi.com/web/wp-settings.php on line 535

Deprecated: Assigning the return value of new by reference is deprecated in /usr/home/kiroldegi.com/web/wp-settings.php on line 542

Deprecated: Assigning the return value of new by reference is deprecated in /usr/home/kiroldegi.com/web/wp-settings.php on line 578

Deprecated: Function set_magic_quotes_runtime() is deprecated in /usr/home/kiroldegi.com/web/wp-settings.php on line 18
Gola . Kirola
Etiketak: Gola

werder-bremen-garaileAthleticek ezin izan du bere bigarren garaipena eskuratu Europa Ligan. Gogoa jarri dio bai, baina ateari begira ez du zorterik izan; zurigorrien gola ez da 90garren minutura arte iritsi. Werder Bremen gehiago izan da lehen zatian eta bigarrenean Athletic jaun eta jabe izan den arren, ezin izan dio markagailuari buelta eman. Talde alemaniarra “L” multzoaren lider berria da.
Azken bi neurketetan emandako itxura hobetu egin du gaurkoan Bilboko taldeak, baina esfortzuak ez du saririk izan Bremenen. Etxeko taldeak indartsu ekin dio neurketari, joko zuzena eginez. Athleticek ezin izan dio etekinik atera egindako presioari eta 18garren minutuan Bremengo taldeak 1 eta 0ekoa lortu du. Castillok ezin izan du baloia area ingurutik aldendu, aldaratzea Özilek jaso, Hunti utzi eta aurrelariak bolea ikusgarri batekin Iraizozen atea zulatu du.
Athleticen erantzuna bi minutura iritsi da. Yestek kornerra atera eta gol olinpikoa egiteko zorian izan da. Wiese atezainak eskua sartu du azken unean baloia urrunduz. Hori izan da zurigorriek lehen zatian izan duten aukerarik garbienetarikoa. Defentsan sendo eta ondo kokatuta egon dira alemaniarrak eta ezinean ibili dira bilbotarrak. 36garren minutuan abagunea izan du Athleticek. Llorentek Zaragozari egin zion jokaldi ikusgarria errepikatu du. Atzelariari iskin egin eta atzera egin duen pasea ezin izan du Toquerok ondo errematatu.
Lehen zatia amaitu aurretik, aldea handitu du Bremenek. Huntek abisua eman du 38garrenean jaurtiketa indartsu batekin, eta Naldok 2 minutu geroago lortu du 2 eta 0ekoa. Athleticek berdinketaren bila joan den unean, Marinek pasea sartu dio sakonean Pizarrori eta honek Naldori oparitu dio etxekoen bigarren gola. Eta hirugarrena Iraizozen lanagatik ez da iritsi aldageletara joan aurretik. Atezain nafarrak ondo gelditu du Özil aurrez-aurre topo egin dutenean kontraeraso baten ondorioz.
Bigarren zatia hasi eta berehala, berriz eman du abisua Pizarro peruarrak. Hala ere, gauzak erabat aldatu dira atsedenalditik bueltan. Athleticek hartu du baloi-jabetza eta jo eta ke aritu da erasoan. Caparrosek Muniain eta David Lopez zelairatu ditu Toquero eta Gabilondoren ordez eta zurigorriak arrisku handiz iritsi dira alemaniarren ate ingurura. Dena den, oso zaila izan da Bremenek defentsan dituen dorreak gainditzea. Hortzak estutu dituzte bilbotarrek eta gora joan dira balentriaren bila. 53garren minutuan erantzun bikaina eman dio Wiese atezainak Javi Martinezen jaurtiketa bortitzari. Aurreneko abisua izan da.
Werder Bremen atzean sartu da markagailuri eusteko nahian eta kontraerasoan jokatzeari ekin dio. Athleticen erasoa gelditzeko modu bakarra falten bidez izan da eta partidua berotu egin da. Horren adierazle nabarmena da Niemeyerrek 4 minutu baino ez dituela eman zelaian. Bigarren zatian atera da eta 2 txartel hori ikusi ditu jarraian.
Bat gutxiagorekin egin du azken ordu erdia talde alemaniarrak eta gorriak ikusi dituzte zurigorrien erasoaldiei eusteko. Minutuek aurrera egin ahala, urduritasuna gero eta nabarmenagoa zen lehoien aulkian eta jokoan, baina ez dute amore eman. Gola behar zuten, baina ez zen iristen. 70garrenean, David Lopez ez da iritsi Gurpegiren erdiraketa errematatzera.
Azken minutuetan Javi Martinez kendu eta Etxeberriari eman dio aukera Caparrosek. Erdilaria kendu eta aurrelaria sartu. Partiduaren bila zihoan Utrerako entrenatzailea eta hori berdegunean ikusi da argi eta garbi.
Athleticek hamaika baloi jarri ditu Berderren area inguruan, baina ate barrura errematatu, bakarra. 90garren minutuan Llorentek bikain jo du baloia Muniainek eman dion pasea buelta erdira errematatuz. Amets egiten jarraitzeko epaileak 4 minutuko luzapena adierazi du, baina hurrengo jokaldian, alemaniarren kontraeraso batean, Amorebietak penaltia egin dio Özil gazteari. Frings kapitainak ez du huts egin. 3 eta 1ekoa.
10 partidu galdu gabe zeramatzan Bremenek eta gaurkoan 11garrena egin du. Athletic saiatu da, baina lehen zatiko akatsek ez dute bigarrenean barkatu. Multzo bakoitzeko bi taldek egingo dute aurrera, eta momentuz, zurigorriak bigarren dira Europa Ligako “L” multzoan Vienako Austria eta Madeirako Nazionalaren arteko berdinketaren ostean.

Erlazionatutako sarrerak

muniain_llorenteFesta handia bizi izan dute zale zurigorriek gaur San Mamesen. Athleticek maisu irabazi dio Vienako Austriari 3 eta 0 eta “L” multzoaren buruan jarri da Bilboko taldea Europa Ligako aurreneko jardunaldiaren ostean. Amestutako mendekua hartu dute zurigorriek.

Indartsu ekin dio Athleticek “areako” epaileen berezitasuna izan duen partiduari. UEFAk neurketa bakoitzean 2 epaile gehiago jartzea erabaki du eta gaurkoan egin duten lana ikusita, zalantzan jar daiteke instituzioaren erabakia. Izan ere, norgehiagoka hasi eta gutxira epaile nagusiak penaltia adierazi du Suttnerrek Susaetari egindako ustezko falta baten ostean. Bota egin da eibartarra. Fernando Llorentek asmatu egin du eta zurigorrien lehen gola igo da markagailura.

Egin beharrekoa ondo ikasita zelairatu dira zurigorriak. Aspaldiko partez, baloia ondo ukitu dute, lehen tokean jokatuta. Horren isla bigarren golaren jokaldia izan da. Etxeberriak pasea eman dio Susaetari eskuin hegalean, eibartarrak baloia jarri du penalti puntuan eta Llorentek, berriz, Safarren atea zulatu du bolea bikain batekin. 2 eta 0 eta partidua ia erabakita utzi dute zurigorriek.

Vienako Austria saiatu da aldea murrizten baina Iraizoz izan dute kanpotarrak gainditu ezineko horma. 35garren minutuan bakarrik gelditu da Diabang atezainaren aurrean baina ezin izan du baloia sarera bidali.

Aldageletara joan aurretik, Athleticek aldea handitzeko aukera izan du. Muniainek zutoinera bidali du baloia areaz kanpotik egindako jaurtiketa baten ondoren.

Bigarren zatian Caparrosen gizonen nagusitasuna areagotu egin da. Austriako taldeak erraztasunak eman ditu defentsan, baita zelai erdian ere. Baloiaren jabetza Athleticentzat izan da eta hori dela eta, gol aukera anitz sortu dituzte bilbotarrek.

49.an, Yesteren falta jaurtiketa zutoin ondotik joan da kanpora. Basauritarrak ateratako korner batean, Llorentek ezin izan du buruz baloia ate barruan sartu. Muniainek eman du zurigorrien hirugarren abisua gola egin aurretik. Dotore eta bizkortasunez gidatu du baloia gazteak area batetik bestera, baina azken pasean egin du huts nafarrak. 57. minutuan, ordea, ez du barkatu Muniainek. Iraolak hasi du jokaldia, Etxeberria eman dio baloia, honek pareta egin du usurbildarrarekin eta Iraolak berak gola oparitu dio Muniaini. Partidu borobila egin du gaurkoan Iraolak, defentsan zein erasoan. 3 eta 0ekoa.

Denbora zegoen oraindik aldea handitzeko, baina ez dute zorterik izan zurigorriek. Susaeta eta Muniain bera saiatu dira Safarren atea zulatzen, baina ez dute asmatu. Azken minutuetan zelairatu den David Lopezek langara bidali du baloia Vienako jokalari batean ukitu ostean. Markagailua ez da mugitu azken minutuetan.

Vienako Austriak kaleratu zuen Athletic talde zurigorriak Europan parte hartu zuen azken aldian, eta zurigorriek mendeku gosea asetzea lortu dute gaurko neurketarekin.

Erlazionatutako sarrerak

Bitik bi

Xerez-Athletic15 urte ziren Athleticek ligako aurreneko 2 partiduak irabazten ez zituela. 94-95 denboraldian Racing eta Real Madril menderatu zituen talde zurigorriak lehen bi jardunaldietan, eta gaur Xerezen aurka eskuratutako garaipenarekin, berriz lortu du. Athletic da Real Madril, Barça eta Valentziarekin batera, aurreneko 6 puntuak lortu dituzten talde bakarrak.

Kuko Zigandaren Xerez zuten aurrean gaur Caporrosenek. Lehen mailan egin du debuta Cadizko taldeak Chapinen, porrotarekin, ordea. Izan ere, 0-1 nagusitu zaio Athleticek iazko 2. mailako txapeldunari.

Etxekoak arrisku handiarekin hurbildu dira Gorkaren ate ingurura aurreneko minutuetan. 6.ean Iraizozek bikain urrundu du Armenterosen jaurtiketa indartsua areaz kanpotik. Aurretik, defentsa zurigorriak kornerrera desbideratu du Momoren erdiraketa erdilariaren jokaldi polit baten ostean.
Etxeko taldea nagusi zen, baina 12. minutuan Athleticek izan du gola egiteko aukerarik garbiena. Yestek falta bat bota eta Toquerok buruz jo ostean, baloia Abelek eskuarekin area barruan ukitu duela adierazi du epaileak. Javi Martinezek ez du asmatu; Renan atezainak gelditu du nafarrak jaurti duen penaltia.

Zigandaren taldeak eraman du partiduaren erritmoa hasieratik baina ez da gai izan gola egiteko. Bai, ordea, Bilboko taldeak. 31.ean, Susaetak ondo landutako jokaldi baten ostean, Prietok ate barrura bidali du eibartarraren erdiraketa. 1 eta 0 zurigorrientzat. Handik 2 minutura, Llorentek aldea handitzeko aukera paregabea izan du. Baloia sakonean sartu diote aurrelariari, kontrola ondo egin du nafarrak baina ondoren gehiegi gurutzatu du baloia.

Gaurko partidu berezia zen Bermejorentzat eta zelaian nabaritu da. Oso berotuta agertu da 97-98 denboraldian Athleticen ibilitako jokalaria. Uneoro borrokatu da aurrelaria defentsa zurigorriarekin. Xerezek erasoan sortu duen arriskurik handiena eskuin hegaletik etorri da. Amorebietak kornerrera bidali behar izan du baloia 40.ean eta jokaldi horretan Kukorenak gola egiteko zorian izan dira. Aythamik buruz jo du baloia baina Francisek ez du errematean asmatu. Epaileak lehen zatiaren amaiera adierazi aurretik, Llorentek langara bidali du baloia buruz.

Xerez golaren bila atera da aldageletatik eta Iraizozek lanak izan ditu atea hutsean mantentzeko. 46. garrenean, Momoeren jaurtiketa gelditu du bikain atezain nafarrak. Athleticen erantzuna berehala etorri da. Toquerok baloia pasatzen utzi du area barruan eta Susaetak Renanen ezker zutoinetik hurbil bidali du baloia gutxigatik kanpora.

Denborak aurrera joan ahala, Athleticek baloiaren jabetza errekuperatuz joan da, zelai erdian lan handia eginda. Hala ere, 51.ean, susto ederra hartu dute zurigorriek. Zigandaren mutilak jokaldi borobila landu eta Iraizozek nekez gelditu du Bergantiñosen jaurtiketa.

Jo ta ke ari ziren etxekoak golaren bila baina Athleticen defentsarekin eta atezainarekin egin dute topo behin eta berriz. Caparrosek Muniain eta Gurpegi zelairatu ditu bigarren zatia hasi eta gutxira eta bilbotarrek abiadura eta sendotasuna irabazi dute aldaketan. Susaetak lan fina egin du gaurkoan. Onena izan da eta Renanek soilik ekidin du eibartarraren gola. 74.an esku erabakigarria atera du Xerezen atezainak Susaetaren jaurtiketa eskuaira bidean zihoanean.

Azken minutuetan, ordea, atzean sartu da talde zurigorria eta arazoak izan ditu Xerezen erasoaldiei aurre egiteko. Viqueirak 81. minutuan botatako faltari erantzun bikaina eman dio Iraizozek. Eta 2 minutura, Momok ezin izan du aprobetxatu Viqueirak sakonean eman dion pasea. Kanariarraren jaurtiketa gora joan da.

Amaieran, 0-1 Athleticentzat. Garaipen garrantzitsua zurigorrientzat datorren ostegunean Europako Ligan Vienako Austriari indar beteta aurre egin ahal izateko.

Erlazionatutako sarrerak