Athleticek ezin izan dio eutsi 2009ko bolada onari eta 2 eta 1 galdu du Almeriaren aurka bigarren itzuliaren aurreneko neurketan. Caparrosen mutilak ez dira batere fin ibili lehen zatian eta bigarrenean markagailuari buelta ematen saiatu diren arren, aldea murriztea baino ez dute lortu. Azkenean, puntuak etxean gelditu dira.
Ohikoak ez diren zenbait jokalari zelairatu ditu Utrerako entrenatzaileak Kopako itzulian pentsatuta eta jokaldia ez zaio ondo atera. Gaurkoan talde zurigorriak ez zuen ematen aurreko egunetako talde berbera. Hugo Sanchezen gizonek nahi bezala jokatu dute lehenbiziko 45 minutuetan eta horren ondorioz, aurrea hartu du Almeriak 25.ean. Irineyren jaurtiketa indartsuak langa jo du eta aldaratzea Juanma Ortizek jaso eta ate barrura bidali du.
Gaurkoan, Yestek izan du taldearen jokoa sortu eta gidatzeko erantzukizuna eta basauritarra ez da gai izan, lehen zatian behintzat. Gola jaso eta 8 minutura Almeriak aldea handitzeko aukera paregabea izan du, baina Iraizozek erantzun ona eman dio Sorianoren burukadari. Etxekoen bigarren golean, ordea, nafarrak ezin izan du ezer ez egin. Kalu Ucheren errematea atezainaren eskuin zutoinetik sartu da. Eskerrak gutxira epaileak txistua jo duela atsedenaldia adierazita.
Bigarren zatiari kemenez ekin dio talde bilbotarrak. Del Olmok 2-1ekoa sartzeko aukera paregabea izan du hasierako minutuetan baina Alves atezaina azkar ibili da eta baloia ez da barrura joan. Gutxi iraun zaio Athletici indar hori eta Almeriak lehen zatiko nagusitasuna berreskuratu du. Fernando Llorente ez zegoen zelaian eta hori izugarri nabaritu dute zurigorriek. Toquerok ez ditu nafarrak bezain beste baloi irabazten eta atzelariek ez dituzte hain gorriak ikusi gaurkoan zurigorriak gelditzeko.
Baloi luzeekin zeregin gutxi izango zuela ikusita, Athleticek kontraerasoen bidez eraman du arriskua Alvesen area ingurura. 65. minutuan, Toquerok pase paregabea eman dio buruz Del Olmori eta honek, bakar-bakarrik atezainaren aurrean, Alves gainditu eta 2-1koa egin du.
Orbaiz, David Lopez eta Iñigo Velez bigarren zatian sartu dira eta beste itxura bat eman diote taldeari. Golak, gainera, urduri jarri ditu Hugo Sanchezen gizonak eta Athletic berdinketaren bila joan da burubelarri. Lortu ez badu, Alves atezainaren lan politagatik izan da. Zurigorriak ia-ia ozpatu duten bi baloi atera ditu Alvesek.
Amaieran, Athletic ez da Almeriaren atea birritan zulatzeko gai izan eta esku hutsik itzuli da Bilbora. Kopako final laurdenetarako itzuliko neurketan gauzak beste era batera egin behar izango dituzte zurigorriek sailkapena lortu nahi badute.
Erlazionatutako sarrerak



Atalak:
Etiketak:
