Etiketak: Iraola
22
Ots
Egilea janirefragua
Athleticek ezin izan ditu 3 puntuak eskuratu Getaferen aurka 1-1 amaitu ostean. Iraolak penalti bat huts egin du eta banakoarekin, Llorentek kanpora bota du neurketako aukerarik argiena. Zurigorriek Coliseum Alfonso Perez futbol zelaian irabazi gabe jarraitzen dute.
Gogor ekin dio Madrilgo taldeak partiduari eta Soldadok lehen gola egiteko aukera izan du 3 minutuan, baina bere errematea gora joan da.
Getafe izan da nagusi neurketako aurreneko minutuetan eta bere nagusitasunak gola eman dio. 15.ean, Graneroren erdiraketak bigarren zutoinera Soldadoren burua topatu du 1-0ekoa egiteko. Cata Diazek Javi Martinezi aldaratzean egindako falta ez du epaileak ikusi eta gola markagailura igo da.
Athletic berehala erreakzionatu du eta 3 minutu geroago epaileak Llorenteri egindako penaltia ikusi du. Zalantzagarria. Dena den, Iraolak alferrik galdu du berdinketa lortzeko aukera. Hori izan da zurigorriek lehen zatian izan duten aukerarik garbiena. Behintzat gola iritsi den arte. Aurretik, ordea, Getafek nagusi jarraitu du, arrisku handirik sortu gabe, baina baloia kontrolatuz eta Iraizozen ate ingurura hurbilduz.
Eta atsedenaldia iristear zegoenean, Llorenteren gola heldu da. Orbaizek erdiratu, Ion Velezek baloia Llorenteri utzi eta aurrelariak buelta emanda banakoa egin du. Jacobok ezin izan du jaurtiketa gelditu.
Aldageletatik bueltan, Athletic talde sendoagoaren itzura eman du, batez ere, Javi Martinezen lanari esker. Zelai erdian baloiaren jabetza berreskuratu dute bilbotarrek eta horrekin aurrea hartzeko aukerak heldu dira. Velezek izan du bigarrez zatiko lehena eta Orbaizek bigarrena 53ean. Baina zalantzarik gabe, 2-1ekoa eskuratzeko aukerarik garbiena 72. minutuan iritsi da. Toquerok ezker hegaletik jarri du baloia area barruan eta Fernando Llorentek, bakar bakarrik, gehiegi gurutzatu du.
Azken ordu laurdenean, Getafek baloia berreskuratu du eta Athletic atzean sartu da. Saiatu dira madrildarrak gola egiten baina zurigorriek gorriak ikusi dituzte, berdinketari eustea lortu duten arren.
Amaieran, puntu bat gehiago Athleticentzat Pirinioei aurre egin baino lehenago.
Erlazionatutako sarrerak

Arratsaldeko 17.00etan, Almeria eta Athletic-en arteko partidua jokatuko da Mediterraneo zelaian. Nahiz eta Caparrosen deialdian egon, Amorebietak ezin izango du partidu hau jokatu gastreonteritisa hartu duelako azken momentuan.
Beraz, gaurko partidurako Caparrosen deialdia horrela geratzen da, Llorente, Iraola eta Ion Vélezi atsedena eman ondoren:
- Athletic: Iraizoz, Toquero, Koikili, Ustaritz, Del Olmo, David Lopez, Garmendia, Yeste, Gabilondo, Iñigo Velez, Armando, Susaeta, Orbaiz, Etxeberria, Gurpegi, Iñaki Muñoz, Etxeita eta Balenziaga.
- UD Almeria: Diego Alves, Esteban, Bruno, Carlos GarcÃa, Acasiete, Chico, Mané, Soriano, Iriney, Juanito, Corona, Juanma Ortiz, Ortiz, Negredo, Kalu Uche, Solari, Crusat y Piatti.
Erlazionatutako sarrerak
15
Abe
Egilea janirefragua
Athleticek ordu erdi baino ez du behar izan Sporting menderatzeko. Llorentek, Iraolak eta David Lopezek aurreneko 30 minutuetan sartutako golek garaipena eta 3 puntuak eman dizkiete zurigorriei. Arratsaldeko puntu beltza, Gurpegiren eta Cuellarren arteko kolpe izan da. Andosillakoak konortea galdu du baina susto batean gelditu da dena. Eskanerrak lesiorik baztertu du eta jada egin diote ebakuntza sudurreko berezko hezurretan.Â
Â
Ideiak garbi izan ditu Bilboko taldeak hasieratik eta 5. minutuan iritsi da lehendabiziko gola. Penaltia egin diote Llorenteri eta aurrelariak berak baloia sarera bidali du penalti puntutik. Konfiantzarekin dago nafarra eta bere gain hartu du penaltia jaurtitzeko erantzukizuna zelaian Iraola edo Yeste bezalako jokalariak zeuden arren.
Joko erakusgarririk egin gabe, eraginkortasuna izan da gaurkoan Athleticen garaipenaren giltza. 23.ean, zurigorrien bigarrena. Kornerra atera, baloia Iraolaren oinetara heldu eta usurbildarrak ez du hutsik egin.
Fran Yestek pibotea osatu du gaurko neurketan Javi Martinezekin eta taldea bere nahietara eta ongi gainera zuzendu du Basaurikoak. Erdilaria izan da, hain zuzen, 3. golaren sortzailea. Pase luze bikaina sartu dio David Lopezi area barruan 31.ean eta honek Cuellar gainditu du Athleticen 3. gola eginda. Atsedenaldira joan aurretik Bilboko taldeak errenta handitzeko aukera pare bat izan ditu baina ez dira baloia sarera eramateko gai izan.
Aldageletatik bueltan, gauzak bide beretik jarraitu dira. Manuel Preciadok bi aldaketa egin ditu baina Sportingen jokoa ez da hobera joan. Athletic jaun eta jabe izan da atzealdean zein erasoan. Abagune ugari izan dituzte Caparrosen mutilek, San Mameseko zaleek gol gehiago ikusi ez dituzten arren. Asturiarrek arrisku gutxi eraman dute bilbotarren area ingurura eta gaurkoan defentsa zurigorria fin ibili da.
Â
Gurpegiren sustoa
Partidua amaitu aurretik, ordea, isildu egin da Katedrala. Gurpegik eta Cuellar atezainak kolpe itzela hartu dute. Nafarrak konortea galdu du baina bere onera itzuli da zelaian bertan. San Sebastian Erietxera eraman dute eta eskanerraren emaitzak edozein lesio garrantzitsu baztertu du. Hori bai, sudurreko berezko hezurretan ebakuntza egin diote erdilariari eta bertan pasatuko du gaua zaintzapean. Cuellarrek peronean hartu du min eta bihar jakingo du zenbat denbora egon beharko du zelaietatik kanpo.
Amaieran, 3 eta 0 San Mamesen. Jokatutako azken 9 puntuetatik 7 lortu dituzte zurigorriek eta tinko jarraitzen dute beheko postuetatik ihes egiteko bidean.
Erlazionatutako sarrerak
01
Abe
Egilea janirefragua

Athleticek arnasa hartu du gaur urrezko hiru puntu lortuta Numantziaren aurka. Llorentek, bi golekin, talde zurigorria atera du jaitsiera postuetatik, eta Caparrosek lasaitasunez aurre egin ahal izango dio Racingen aurkako neurketari.
6 aste sailkapeneko putzuan igaro ostean eta gaur puntuak ezinbestekoak zirela jakinda, horien bila irten da Athletic partidu hasieratik. Baloiaren jabe egin eta 6. minutuan aurreneko poza eman die taldeak San Mamesen bildu diren jarraitzaileei. Yestek azkar atera du falta bat defentsa ezustean harrapatuz eta Fernando Llorentek zurigorrien lehen gola sartu du Susaetaren erdiraketa aprobetxatuta. Jokalariek bizi duten tentsioa agerian gelditu da Caparros amorruz besarkatu dutenean gola ospatzeko.
Numantzia, ordea, ez da kikildu zurigorriek aurrea hartu dutenean eta arriskua eraman du Iraizozen ate ingurura. Dena den, ez da gai izan Kresicen taldea baloia sare barruan sartzeko behin eta berriz saiatu den arren. Athleticentzat gol bateko aldea ez zen nahikoa eta bigarrenaren bila joan da. Garmendiak sartu du, baina epaileak balio gabe utzi du Llorentek baloia ikutu baitu jokoz kanpo zegoenean.
Saiatu da Bilboko taldea eta 30. minutuan saria heldu zaio. Llorentek baloia jaso du Numantziaren area inguruan. Buelta eman eta defentsa atzean utzita, Juan Pablok gelditu ezin izan duen jaurtiketa bikaina egin du aurrelari nafarrak. Momentu goxoan da Llorente eta gaur erakutsi du denboraldiko 4. eta 5. golak sartuta.
2 eta 0eko markagailuarekin, zurigorriek sufritu egin dute. Numantzia gora joan da eta gorriak ikusi dituzte Caparrosen mutilek atea hutsean uzteko. Atsedenaldia ondo etorri zaie zurigorriei eta bigarren zatiaren aurreneko minutuetan neurketa erabakita uzteko aukera izan dute, baina Susaetaren jaurtiketa langara joan da. Hortik aurrera, etxekoen helburua emaitzari eustea izan da, errenta handitzeko aukerak ere izan dituzten arren; Iraola eta David Lopez hirugarren gola sartzeko zorian izan dira.
Amaieran, garaipen garrantzitsua Athleticentzat San Mamesen. Jaitsiera postuetatik irten eta taldeari konfidantza ematen dizkioten hiru puntu eskuratu ditu gaur talde zurigorriak. Lehenbiziko match-ball-a libratu du Joaquin Caparrosek.
Erlazionatutako sarrerak
24
Aza
Egilea janirefragua
Athleticek jeitsiera postuetatik irteteko aukera galdu du gaur Riazorren hiru puntuak A Coruñan utzita. Caparrosen mutilek gola egiteko aukera anitz izan dituzte baina Deportivo finago ibili da ateari begira eta 3 eta 1 menderatu du talde zurigorria. Dani Aranzubiak, gainera, penalti bat gelditu dio Andoni Iraolari lehen zatiko 24. minutuan.
Athleticek noraezean jarraitzen du BBVA ligan. Gol aukerak sortu, sortzen ditu, baina baloia sarera eramateko zailtasunak ditu. Eta ez hori bakarrik; atzealdean ere, makal dabil Bilboko taldea. Defentsaren huts baten ondorioz iritsi da, hain zuzen ere, Deporren lehen gola. Verdúk falta bat atera eta Iraizozen aldaratzea barrura bidali du Ze Castrok. Defentsa lotan harrapatu du atzelari portugaldarrak.
Handik 4 minutura, zurigorrien erantzuna. Epaileak Llorenteri egindako penalti bat ikusi du area barruan, baina Iraolak ez du asmatu. 8 urte eman ditu Aranzubiak usurbildarrarekin Athleticeko lehen taldean eta atezainak baloia kornerrera bidali du. Alferrik galdu dute Caparrosen mutilek neurketa berdintzeko aukera.
Deportivo suspertu egin da horren ondorioz eta behin eta berriz eraman du arriskua Iraizozen ate ingurura. Dena den, bikain ibili da gaur atezain nafarra eta 26.ean, Ocioren huts galantaren ostean, bi geldiketa ikusgarri egin dizkio Andres Guardado mexikarrari. Hurrengoan, ordea, ezin izan du ezer ez egin Gorkak. Bodipo ezker hegaletik sartu da eta Amorebieta zuzen joan da aurrelariaren bila. Iurretakoak burua galdu du behin ere. Penaltia Deporrentzat eta Verdúk ez du hutsik egin. 2 eta 0ekoa Lotinaren taldearentzat.
Atsedenaldian Caparros Etxeberria zelairatu du Garmendiaren ordez eta Athletic gogotsuago irten da bigarren zatiko aurreneko minutuetan. Llorentek aldea murrizteko aukera pare bat izan ditu, baina ezin asmatu. Zurigorriek jo eta ke jarraitu dute eta ekinearen ekinez, gola iritsi da. 71. minutuan Orbaizen erdiraketa batek Javi Martinezen burua aurkitu du: 2 eta 1 markagailuan.
Golak indarra eman dio talde bilbotarrari eta berdinketa eskuratzeko zorian izan da, baina Llorentek egindako jaurtiketa batek Javi Martinezen gorputzean jo du atera zihoanean. Hori izan da Athleticek puntu bat eskuratzeko izan duen azkena. Gora joan da Athletic eta Deportivok kontraerasoan ustekabean harrapatu du Ibaiganeko taldea: 3 eta 1ekoa eta etxera.
Lehen mailako sailkapeneko 18. postuan jarraitzen du Caparrosen taldeak. Puntuak 3na lortu behar dira egoera horri lehenbaitlehen buelta emateko.
Erlazionatutako sarrerak