28
Ots
Egilea janirefragua
Athleticek 1-2 galdu du gaur Sevillaren aurka San Mamesen ez-ohiko talde batekin. 2 titular baino ez ditu zelairatu hasieratik Caparrosek Kopako finalerdietako entseguan, argi eta garbi utzita zein den gaur egun talde zurigorriaren lehentasuna. Asteazkenean, zalantzarik gabe, beste istorioa ikusiko da Katedralean.
Utrerako entrenatzailearen planteamenduak ez du fruiturik eman Sevillaren aurka. Ikusi denagatik, indar guztiak Kopako finalerdietako itzulerako neurketan jarriko ditu Bilboko taldeak. Bi teknikoen helburuak erabat ezberdinak ziren gaurkoan, izan ere, Manolo Jimenezek titular gehienak atera ditu 3 puntuak eskuratzeko asmotan. Caparrosen jomuga, ordea, aurkaria nekatzea izan da, eta lortu duen ala ez, asteazkenean ikusiko da.
Athleticek markagailuan aurrea hartu duen arren, Sevillak kontrolatu du partidua, erritmoa eta pilota. Lehendabiziko 20 minutuetan jaun eta jabe izan da eta gola egiteko aukera pare bat galdu ostean, zurigorrien gola iritsi da. Korner baten, Etxeitak buruz ukitu du baloia eta Sevillako defentsak aldaratzean egindako hutsa Gabilondok aprobetxatu du 1-0ekoa egiteko. 26. minutua zen eta golarekin Athletic suspertu egin da. Presioa eragin, baloiaz jabetu eta arazoetan sartu du Sevillako taldea.
Irudikeria baino ez da izan, ordea. 12 minutu geroago Kanoute agertu baita norgehiagoka berdintzeko. Balenziagak huts galanta egin du area ertzean baloia aldendu barik, Mosquerari emanda. Kolonbiarrak erdiratu eta Kanoutek bikain kontrolatu du baloia sarera bidaltzeko.
Aldageletatik bueltan gauzak ez dira aldatu. Baloiaren jabe jarraitu du Sevillak eta bere jokoak saria izan du 12. minutuan. Romaricek pase ederra sartu dio sakonean Kanouteri eta Maliko aurrelariak, behin ere, baloia kontrolatu, defentsa gainetik kendu eta jaurtiketa gurutzatu batekin Armando gainditu du.
Athletic ez da erantzuteko gai izan. Neurketako azken minutuetan Toquerok eta Iñigo Velezek partidua berdintzeko bi aukera izan dituzte baina gola ez da iritsi.
Alpeetako lehen etapan punturik gabe gelditu dira zurigorriak. Burua, ordea, tarteko beste helmuga baten jarrita daukate jokalariek, Caparrosek eta San Mameseko zaleek. Asteazkenean, gaurko estrategiari etekinik atera dioten ikusiko da.
Erlazionatutako sarrerak
05
Ots
Egilea janirefragua
Luzapenean galdu du Athleticek Sevillaren aurka Kopako finalerdietako joaneko neurketan. Llorenteren golari esker aurreratu da talde zurigorria lehen zatian, baina Duscherrek berdindu eta Acostak, 91. minutuan, 2-1ekoa lortu du. Bere alde daukate Manolo Jimenezen mutilek kanporaketa, baina San Mamesen erabakiko da zeinek jokatuko duen Mestallako finala.
Partidua hasi baino ordu erdi lehenago botatako euri-jasaren ostean neurketa bertan behera gelditzeko zorian egon da. Jokatzea erabaki dute azkenean baina zelaiaren egoera nahiko kaxkarra izan da eta zailtasun handiak izan dituzte bi taldeek. Sevillak jarri du jokoa Sanchez Pizjuanen, baina bilbotarrek izan dituzte aukerarik garbienak. Norgehiagokaren aurrena David Lopezek izan du. Llorentek baloia utzi dio area ertzean eta errioxarrak buelta eman eta eskuairatik gertu-gertu joan da baloia kanpora. Zurigorrien lehenbiziko abisua.
Sevillak gola egiteko izan duen lehen abagunea 19. minutuan iritsi da. Kanouteren erdiraketa Athleticen defentsak urrundu du. Navasek aldaratzea jaso eta bere jaurtiketa Iraizozek bota du kanpora. Izugarrizko lana egin du gaur talde zurigorriaren atezainak.
Euriak eta putzuek ez dute ikuzkizuna eten. Sevilla nagusi izan da baloiaren jabetzan eta arrisku handia sortu du. 33.ean, Romaricek langara errematatu du buruz Adrianok botatako korner bat. Athleticek ere bere aukerak izan ditu gola lortu aurretik. 40. minutuan, Fernando Llorentek bularrez gelditu du Sevillako defentsaren aldaratzea eta lurra ukitu gabe Palopek kornerrera bota duen jaurtiketa ikusgarria egin du. Ez du asmatu aurrelariak jokaldi horretan; korner jaurtiketa baten ordea, saria lortu du nafarrak. David Lopezek atera du eta Llorentek atezainari aurrea hartuta sarera bidali du baloia. Zoramena Sevillara hurbildu diren zaleen artean.
Emaitza bikainarekin joan dira aldageletara Caparrosen gizonak. Bigarren zatia hasi eta 5 minutura Velezek neurketa bideratzeko aukera izan du baina behartuta iritsi da David Lopezen erdiraketara eta ezin izan du ate barruan errematatu. Sevillak ez zuen alferrik galdu nahi Kopako finalean berriz egoteko aukera eta hortzak estutu ditu. Bigarren 45. minutuetan gorriak ikusi dituzte zurigorriek atea hutsean uzteko eta azkenean ezin izan dute lortu. 59. ean Amorebieta bikain gurutzatu da eta Acostaren jaurtiketa desbideratu du. Hurrengoan, ordea, Jimenezenek ez dute hutsik egin eta area barruko nahasmena baliatu dute berdinketa egiteko. Baloia langa jo ostean Javi Martinezek desbideratu du. Baloia Duscherren hanketan gelditu eta ez du barkatu. 1-1koa Pizjuanen.
Sevilla gora joan da emaitza honekin eta ez du aldea handitu luzapenerarte Iraizozen lanari esker. 64.ean Romaricen burukadari erantzun paregabea eman dio eta 82.ean Kanouteren erremateari. Kanoute area barruan jauzi eta epaileak gertatu ez den penaltia adierazi du. Maliko jokalariak berak bota eta zutoinera joan da. Ezin zuen arren, (beste inork ez baitu baloia ukitu) bigarrenez errematatu du aurrelariak baina Iraizozek asmatu dio eta kornerrera bidali du baloia. Alferrik galdu du Sevillak bigarrena lortzeko abagunea. Berriz saiatu da Kanoute 6 minutu geroago, eta berriz topatu da Iraizozekin. 91. ean, ordea, Duscherrek Athleticen atea zulatu du defentsaren ezintasunaren aurrean. 2-1 Sevillarentzat.
Valentziaren aurkako kanporaketan gertatu bezala, andaluzek garaipena eskuratu dute azken minutuetan. San Mames, ordea, ez da Sanchez Pizjuan.
Erlazionatutako sarrerak