Athleticek 3 puntuak eskuratu ditu gaur Malagaren aurka. Maldan gora jarri zaio partidua talde zurigorriari, baina hiru aldiz eman dio buelta markagailua eta garaipena erdietsi du San Mamesen Yeste, Llorente eta Susaetaren golei esker. Zaleek partidu bikaina gozatu dute behin ere Katedralean eta zurigorriek datorren asteko Kopako partiduari gogotsu aurre egin ahal izango diote.
Azken aldian gol anitz jasotzen dituzte bilbotarrek neurketako aurreneko minutuetan eta gaur berriz huts egin du Athleticek. Baloia arean jarri dute eskuin hegaletik, defentsak gaizki urrundu baloia eta Apoñoren jaurtiketa Luquek jaso du bakar bakarrik eta sarera bidali du baloia 1-0ekoa egiteko.
Berehala piztu dira Caparrosen mutilak eta 5. minutuan Ion Velezek berdinketa egiteko aukera paregabea izan du, baina Goitiak ondo babestu du atea aurrelariarekin izan duen buruz-burukoan.
Lehen zati osoan aukera oparo eman dira area batean eta bestean. Zelai erdia jabe argirik gabe gelditu da eta partidua joan eta etorrikoa izan da. Llorentek eta David Lopezek alferrik galdu dute berdinketa lortzeko aukera. Luquek eta Bahak, bestalde, San Mameseko zaleak armailetatik altxarazi dituzte.
Zurigorrien gola ez da 37. minuturarte iritsi. Fran Yesteren jaurtiketa indartsua zutoin ondotik sartu da. Goitik ezin izan du ezer ez egin.
Atsedenaldira joan aurretik markagailuan aurreratzeko aukera bana izan dute bi taldeek.
Bigarren zatian gauzak ez dira asko aldatu. Athletic joko hobea eraskusten jarraitu du baina Malaga ez da kikildu eta aukera ederrak izan ditu. Izan ere, 63. minutuan berriz aurreratu dira markagailuan. Dudak falta atera du eta Lolok defentsa zurigorriaren hutsa aprobetxatu du buruz 2-1eko egiteko.
Kolpe gogorra izan da Athleticentzat. Hala ere, ortzak estutu dituzte eta erasoari ekin diote. Llorenteren gola heldu aurretik Amorebietak abisua eman du eta kanpora joan zaio baloia. Hurrengo minutuan, ordea, Llorentek ez du hutsik egin. Aurrelari nafarrak area ertzean kontrolatu du baloia 70.ean eta buelta emanda gol bikaina egin du ezkerrarekin. 2-2koa San Mamesen.
Partidua guztiz irekita zegoen. Alde batetik zein bestetik, hirugarren gola iristear zegoen. Welligtonek huts egin du aurrena Malagarentzat eta Iraolak minutu bat geroago. Ekinearen ekinez, saria aurkitu du Athleticek. 86. minutuan Toquerok bikain erdiratu du baloia eta Susaetak buruz, ongi gurutzatu du baloia. 3-2 eta eztanda egin du San Mames.
Jose Juan Luquek izan du neurketako azken abagunea baina ezin izan du berdinketa lortu Malagarentzat. Athletic tinko jarraitzen du sailkapenean postuak igotzen; 7garren oheratuko da gaur talde zurigorria.
Erlazionatutako sarrerak



Atalak:
Etiketak:
