Etiketak: Lucen

Athletic

Athleticek beste pauso garrantzitsu bat eman du mailari eusteko helburuari begira. Salbazioa ez dago matematikoki ziurtatuta, baina Caparrosek esan duen bezala, gaur Racingen aurka lortutako 3 puntuak erabakigarriak izan daitezke.

Fernando Llorente izan da protagonista erasoan egindako lan bikainagatik, baina bere gainetik Gonzalez Vazquez epailea nagusitu nahi izan da San Mamesen, 17 txartel hori eta gorri bat aterata. Talde zurigorria 9 jokalarirekin utzi du eta Racing 8rekin, gogorra izan ez den partidu baten.

Athleticek lehen zatian joko aldetik egindako lan apartari etekina atera dio. Llorentek abisua eman du baloia langara bidalita 7. minutuan, baina 21.ean ez du huts egin aurrelari nafarrak eta Coltorti gainditu du buruz Koikiliren erdiraketa bat sarera bidalita. Konfiantza berreskuratu du Llorentek Numantziari egindako golaren ostean eta gaurkoan arazo handiak sortu dizkio Santanderrekoen defentsari.

Caparrosen taldea nagusi izan da lehen zati osoan arriskua eramanda behin eta berriz Racingen ate ingurura. Bi hegaletatik eraso egin du Athleticek eta 41. minutuan partidua ia erabakita utzi du bigarren golarekin. Llorenteren jokaldi baten ondorioz, hain zuzen, iritsi da. Aurrelaria arean sartu da eta Lucenek penaltia egin dio. David Lopezek bikain jaurti du 2-0ekoa egiteko atsedenaldia baino lehen.

Bigarren zatiari, ordea, oso kontzentratuta ekin dio Racingek. Partiduaren erritmoa eta agintea berreskuratu dute kantabriarrek eta Lucen Iraizoz ezustean harrapatzeko zorian egon da 56. minutuan, baina areaz kanpo egindako jaurtiketa langara joan da. Barkatu egin du Racingek aurrenekoan, baina ekitearen ekitez, euren saria lortu du. Yestek Pereirari egindako penaltia adierazi du epaileak eta Pinillosek ez du barkatu. 2-1 eta urduritasuna agertu da harmailetan eta zelaian bertan ere. Yestek bigarren txartel horia ikusi du eta bere kanporaketarekin hasi da karrusela. Gonzalez Vazquezek Marcano, Pinillos, Orbaiz eta Pereira ere kaleratu ditu.

Athleticek kostata eta sufrituta baina markagailuari eustea lortu du. 3 puntu garrantzitsu Sportingen aurkako neurketaren aurretik. Albiste txarrak Etxeita eta Iraolaren lesioekin iritsi dira. Aste honetan jakingo dugu bi jokalari hauek datorren igandean Molinonen izango diren ala ez. Momentuz, Orbaizek eta Yestek, ezin izango dute jokatu.

Erlazionatutako sarrerak