Athleticek arnasa hartzeko urrezko 3 puntu eskuratu ditu gaur Numantziari 1-2 irabazita. Soriako taldea aurreratu da Cismaren gol baten bitartez, baina Toquerok eta Llorentek buelta eman diote markagailuari.
Hilabete baino gutxiago falta da Kopako finalerako eta burua Mestallatik at mantentzea zaila da. Hala ere, Ligan etxeko lanak egin beharra dute zurigorriek eta gaurkoan taldea jaitsiera postuetatik aldentzen duen garaipena lortu dute Caparrosen mutilek.
Gogotsu ekin diote bilbotarrek neurketari Javi Martinezek urrutitik egindako jaurtiketa batekin eta Llorentek kanpora bota duen burukada baten bidez. Abisua eman bai, baina 10. minutuan maldan gora jarri zaio neurketa Athletici. Cismak baloia jaso du area ertzean eta bere jaurtiketa indartsua jokalari zurigorri batean jo eta Iraizozen atean sartu da. Kolpe gogorra lehoientzat.
Athleticek ez ditu besoak jaitsi eta 4 minutu geroago Toquerok ezin izan du errematatu Yesteren erdiraketa. Llorenteri egindako penaltia eskatu dute bilbotarrek baina epaileak ez du ezer ez adierazi. Gola lortu ezin eta gauzak okertu egin dira zurigorrientzat. Aitor Ociok bigarren txartel horia ikusi du Goiria bultzatzeagatik eta 10 jokalarirekin gelditu da Caparrosen taldea.
Numantziak norgehiagoka erabakitzeko aukera izan du 24. minutuan baina Dimasen jaurtiketa areaz kanpotik langara joan da. Eta Soriako taldearen aukera batetik berdinketaren golera 5 minutu geroago. Toquerok Juan Pabloren atea zulatu du eskuinkada bikain batekin. Juanrak huts egin du pasean eta aurrelari zurigorriak baloia jaso eta eskuairatik barrura bota du.
Partidua guztiz irekita zegoen eta Iraizozek Txomin Nagoreren urruneko beste jaurtiketa bat gelditu du. Abaguneak area batean eta bestean gertatu dira. Athleticek izan ditu bigarren gola egiteko aukerarik argienak atsedenaldi aurretik baina Koikilik eta Susaetak ez dute asmatu.
Banakoarekin joan dira bi taldeak aldageletara baina bigarren zatia hasi eta 2 minutura Llorentek zurigorriak aurreratu ditu. Aurrelari nafarrak baloia jaso du area ertzean, Numantziako jokalari bat gainetik kendu eta baloia ondo baino hobeto gurutzatu du. Juan Pablok ezin izan du baloia ikutu eta gola markagailura igo da. Zoratu egin dira Caparrosenak 1-2koarekin.
3 puntuak eskuratzea ezinbestekoa zen gaurkoan eta ez zuen ematen Athletic bat gutxiagorekin jokatzen ari zela. Numantziak baloi geldituan eraman du arriskua Iraizozen ate inguruan, batez ere, Barkero Realeko jokalari ohiaren falta jaurtiketekin. Azken ordu erdian gauzak berdindu egin dira Borisek bigarren txartel horia ikusi baitu. Hala ere, Pachetaren mutilek lehen mailan jarraitzeko ametsari eutsi nahi zioten eta hortzak estutu dituzte. Gola egiteko aukerarik onena, ordea, Athleticek izan du 75. minutuan. Yestek bikain jaurti du baina Juan Pablok, berriz, baloia atera du.
Partidua bukatu aurretik Goiriak eta Llorentek beste golen bat sartzeko aukera alferrik galdu dute. Amaieran, 1-2 Athleticentzat eta garaipenarekin 37 punturekin jarri dira zurigorriak. 6 jardunaldi falta dira Liga amaitzeko eta lanean jarraitu beharko dute bilbotarrek mailari eusteko lehia lehen bait lehen atzean uzteko.
Erlazionatutako sarrerak



Atalak:
Etiketak: 
