Etiketak: Yeste
04
Api
Egilea janirefragua
Athleticek urrezko garaipena eskuratu du gaur Mallorca 2-0 irabazita. Joko aldetik ezer gutxi erakutsi du Bilboko taldeak baina hiru puntuak ezinbestekoak ziren eta talderik eraginkorrenak irabazi du Katedralean. Yestek sartu du lehendabizikoa, Juradok markagailua berdindu eta Javi Martinezek garaipenaren gola egin du.
Partiduko 3. minutuan Yestek zurigorriak aurreratu ditu. Epaileak eskuak ikusi ditu Mallorcaren area barruan eta basauritarrak ez du hutsik egin. Ondo jarri zaizkio gauzak Athletici, baina markagailuan aurretik joanda ere, atzera egin du Caparrosen taldeak. Baloia utzi dio Mallorcari eta, zelai erdi oso ordenatuarekin, partiduaren erritmoa kontrolatu du. Aduriz izan da arriskurik handiena eraman duena Iraizozen ate ingurura, baina gaurkoan, ez da batere fin ibili Athleticeko aurrelari ohia. 27. minutuan Donostiarrak gutxigatik bidali du kanpora baloia. Beste aukera pare bat izan dituzte mallorcarrek atsedenaldia iritsi aurretik, baina Arangok eta Varelak ez dute asmatu.
Bigarren zatia hasi eta berehala, Manzanoren gizonek berdinketa lortzeko aukera izan dute baina Martiren jaurtiketa langatik gora joan da. Susto ederra hartu dute San Mameseko zaleek. Mallorca jaun eta jabe zen zelai erdian eta gainera ez zen defentsa zurigorriaren eguna. Eskerrak aurrelari mallorcarrak ez direla Athleticen hutsak aprobetxatzeko gai izan.
Adurizek buruz abisua eman du eta ekineanren ekinez, Mallorcak neurketa berdintzea lortu du. Zelai erdian zurigorriek galdu duten baloi baten ondoren, Arangok baloia eman dio Juradori eta honek jaurtiketa ederra atera du area ertzetik. Iraizozek ezin izan du ezer ez egin baloia desbideratzeko. 1-1ekoa.
Banakoarekin, Athleticek gorriak ikusi ditu baloia ukitzeko, baina futbolean edozer gerta liteke eta 1-2koa lortzetik, bilbotarrek garaipenaren gola egin dute. Iraolak Adurizen errematea atera du marratik bertatik eta kontraerasoan, Javi Martinezek sarera bidali du baloia. David Lopezek, eskuin hegaletik penalti puntuan jarri du baloia eta Iruñeako erdilariak
Lux gainditu du Athleticek bigarren zatian ate barruan egin duen jaurtiketa bakarrean.7 minutu falta ziren norgehiagoka amaitzeko eta Mallorcak ezin izan dio markagailuari buelta eman. Amaieran, 2-1 Athleticentzat. Arnasa hartu dute zurigorriek gaurko garaipenarekin baina jaitsiera postuak 5 puntura dituzte eta lan handia egin beharra dago Liga bukatu bitartean.
Erlazionatutako sarrerak
15
Mar
Egilea janirefragua
Athleticek hutsak oradaindu behar izan ditu bigarren astez jarraian. Barça izan zen aurreneko borreroa, eta gaurkoan, Real Madrilek Liverpoolen aurka jasotako porrota garesti ordaindu du Bilboko taldeak. Caparrosen mutilek lehen zatiko eurijasari eutsi diote, baina bigarrenean, jokalari bat gutxiagorekin aritu dira zurigorriak jokaldi eztabaidagarri baten epaileak Yesteri ateratako txartel gorriaren ondorioz, eta madrildarrek ez diete aukerarik eman. Robben, Heinze, Huntelaar (2) eta Higuainen golekin, 2-5 nagusitu da Juande Ramosen taldea.
Athletic etxeko lanak eginda zelairatu da, zer egin behar zuen ondo jakinda. Pixkanaka-pixkanaka, ordea, Real Madrilek partiduari neurria hartu dio eta arrisku handia sortu du, batez ere, eskuin hegaletik. Robbenek erraztasunez gainditu ditu atzelari zurigorriak eta erdilariaren barnealdi baten iritsi da, hain zuzen ere, madrildarren aurreneko gola. 2 jokalari gainditu ostean, Gorkak gelditu ezin izan duen jaurtiketa bikaina atera du Robbenek.
Behin Txapeldunen Ligatik kanpo, Real Madrilek etxeko torneoan jarri behar ditu indar guztiak eta horixe erakutsi du San Mamesen. Lehenbiziko gola sartu eta bigarrena lortzeari ekin diote madrildarrek. Lortu aurretik, Athleticek neurketa berdintzeko aukera izan du, baina Yesteren jaurtiketari bikain erantzun dio Casillasek. 34.ean Heinzek buruz egin du 2-0ekoa. Sneiderrek falta bota eta argentinarrak sarera bidali du baloia.
Athleticek, Katedraleko zaleen laguntzarekin eta bihotz baino joko gehiago jarrita partidua berdindu du. Bi minutu geroago, Heinzek, bere atean, aldea murriztu du. Orduantxe gertatu da norgehiagokaren aurreneko jokaldi eztabaidagarria. Yestek Casillas bultzatu du eta atezain madrildarrak kolpea puztu eta aurpegira eraman ditu eskuak. Epaileak sinistu dio eta txartel gorria atera dio Basaurikoari. Hortik aurrera, partidua handiegia gelditu zaio Muñiz Fernándezi.
Aldageletara joan baino lehen, Fernando Llorentek neurketa berdindu du Casillasen laguntzarekin. Aurrelariaren burukada bikaina Ikerrek ukitu eta barrura sartu du. 2-2 eta atsedena.
Bigarren zatia hasi eta partiduan sartzeko aukerarik utzi gabe, Real Madrilek hirugarren gola egin du. Huntelaarrek area barruan baloia jaso eta zutoin ondotik pasa den jaurtiketa batekin aurretik jarri du behin ere bere taldea.
Javi Martinezek Athletic partiduan sartzeko aukera alferrik galdu du 59.ean eta bi minutu geroago Huntelaarrek, berriz, norgehiagoka erabaki du erremate eder batekin. Epaileak bereak egiten jarraitu du eta aulkian zegoen Ion Velez eta talde zurigorriaren bigarren entrenatzailea, Luciano Martín kaleratu ditu. Partidua amaitzeko 5 minutu falta zirela epaileak Iraolak Marcelori egindako penaltia adierazi du. Higuainek bostgarrena.
Real Madrilek presioa eragiten jarraitzen du sailkapenaren bigarren postuan. Athletic, tartean, 6 puntura ditu jaitsiera postuak gaurko 2-5eko porrotaren ostean eta egoera arduratzeko modukoa izaten hasia da zurigorrientzat.
Erlazionatutako sarrerak
31
Urt
Egilea janirefragua
Athleticek 3 puntuak eskuratu ditu gaur Malagaren aurka. Maldan gora jarri zaio partidua talde zurigorriari, baina hiru aldiz eman dio buelta markagailua eta garaipena erdietsi du San Mamesen Yeste, Llorente eta Susaetaren golei esker. Zaleek partidu bikaina gozatu dute behin ere Katedralean eta zurigorriek datorren asteko Kopako partiduari gogotsu aurre egin ahal izango diote.
Azken aldian gol anitz jasotzen dituzte bilbotarrek neurketako aurreneko minutuetan eta gaur berriz huts egin du Athleticek. Baloia arean jarri dute eskuin hegaletik, defentsak gaizki urrundu baloia eta Apoñoren jaurtiketa Luquek jaso du bakar bakarrik eta sarera bidali du baloia 1-0ekoa egiteko.
Berehala piztu dira Caparrosen mutilak eta 5. minutuan Ion Velezek berdinketa egiteko aukera paregabea izan du, baina Goitiak ondo babestu du atea aurrelariarekin izan duen buruz-burukoan.
Lehen zati osoan aukera oparo eman dira area batean eta bestean. Zelai erdia jabe argirik gabe gelditu da eta partidua joan eta etorrikoa izan da. Llorentek eta David Lopezek alferrik galdu dute berdinketa lortzeko aukera. Luquek eta Bahak, bestalde, San Mameseko zaleak armailetatik altxarazi dituzte.
Zurigorrien gola ez da 37. minuturarte iritsi. Fran Yesteren jaurtiketa indartsua zutoin ondotik sartu da. Goitik ezin izan du ezer ez egin.
Atsedenaldira joan aurretik markagailuan aurreratzeko aukera bana izan dute bi taldeek.
Bigarren zatian gauzak ez dira asko aldatu. Athletic joko hobea eraskusten jarraitu du baina Malaga ez da kikildu eta aukera ederrak izan ditu. Izan ere, 63. minutuan berriz aurreratu dira markagailuan. Dudak falta atera du eta Lolok defentsa zurigorriaren hutsa aprobetxatu du buruz 2-1eko egiteko.
Kolpe gogorra izan da Athleticentzat. Hala ere, ortzak estutu dituzte eta erasoari ekin diote. Llorenteren gola heldu aurretik Amorebietak abisua eman du eta kanpora joan zaio baloia. Hurrengo minutuan, ordea, Llorentek ez du hutsik egin. Aurrelari nafarrak area ertzean kontrolatu du baloia 70.ean eta buelta emanda gol bikaina egin du ezkerrarekin. 2-2koa San Mamesen.
Partidua guztiz irekita zegoen. Alde batetik zein bestetik, hirugarren gola iristear zegoen. Welligtonek huts egin du aurrena Malagarentzat eta Iraolak minutu bat geroago. Ekinearen ekinez, saria aurkitu du Athleticek. 86. minutuan Toquerok bikain erdiratu du baloia eta Susaetak buruz, ongi gurutzatu du baloia. 3-2 eta eztanda egin du San Mames.
Jose Juan Luquek izan du neurketako azken abagunea baina ezin izan du berdinketa lortu Malagarentzat. Athletic tinko jarraitzen du sailkapenean postuak igotzen; 7garren oheratuko da gaur talde zurigorria.
Erlazionatutako sarrerak

Athletic-ek Yeste gabe jokatu beharko du gaur Athletico-ren aurkarko partidua, jokalariaren abduktoreetako mina dela eta. Vicente Calderon-en izango den partidua arrsatsaldeko 17.00etan hasiko da eta zelaian agertzeko aukera duten jokalariak hauek dira :
- Athletic-en deialdia: Iraizoz, Toquero, Koikili, Ustaritz, Amorebieta, David Lopez, Llorente, Gabilondo, Armando, Susaeta, Iraola, Orbaiz, Etxeberria, Gurpegi, Aitor Ocio, Ion Velez, Javi Martinez eta Etxeita.
- Atletico-ren hamaikakoa: Leo Franco; Seitaridis, Ujfalusi, Domínguez, Antonio López; Camacho, Maniche, Simão, Maxi; Forlán eta ‘Kun’ Agüero
Iturria | Athletic
Erlazionatutako sarrerak
15
Abe
Egilea janirefragua
Athleticek ordu erdi baino ez du behar izan Sporting menderatzeko. Llorentek, Iraolak eta David Lopezek aurreneko 30 minutuetan sartutako golek garaipena eta 3 puntuak eman dizkiete zurigorriei. Arratsaldeko puntu beltza, Gurpegiren eta Cuellarren arteko kolpe izan da. Andosillakoak konortea galdu du baina susto batean gelditu da dena. Eskanerrak lesiorik baztertu du eta jada egin diote ebakuntza sudurreko berezko hezurretan.
Ideiak garbi izan ditu Bilboko taldeak hasieratik eta 5. minutuan iritsi da lehendabiziko gola. Penaltia egin diote Llorenteri eta aurrelariak berak baloia sarera bidali du penalti puntutik. Konfiantzarekin dago nafarra eta bere gain hartu du penaltia jaurtitzeko erantzukizuna zelaian Iraola edo Yeste bezalako jokalariak zeuden arren.
Joko erakusgarririk egin gabe, eraginkortasuna izan da gaurkoan Athleticen garaipenaren giltza. 23.ean, zurigorrien bigarrena. Kornerra atera, baloia Iraolaren oinetara heldu eta usurbildarrak ez du hutsik egin.
Fran Yestek pibotea osatu du gaurko neurketan Javi Martinezekin eta taldea bere nahietara eta ongi gainera zuzendu du Basaurikoak. Erdilaria izan da, hain zuzen, 3. golaren sortzailea. Pase luze bikaina sartu dio David Lopezi area barruan 31.ean eta honek Cuellar gainditu du Athleticen 3. gola eginda. Atsedenaldira joan aurretik Bilboko taldeak errenta handitzeko aukera pare bat izan ditu baina ez dira baloia sarera eramateko gai izan.
Aldageletatik bueltan, gauzak bide beretik jarraitu dira. Manuel Preciadok bi aldaketa egin ditu baina Sportingen jokoa ez da hobera joan. Athletic jaun eta jabe izan da atzealdean zein erasoan. Abagune ugari izan dituzte Caparrosen mutilek, San Mameseko zaleek gol gehiago ikusi ez dituzten arren. Asturiarrek arrisku gutxi eraman dute bilbotarren area ingurura eta gaurkoan defentsa zurigorria fin ibili da.
Gurpegiren sustoa
Partidua amaitu aurretik, ordea, isildu egin da Katedrala. Gurpegik eta Cuellar atezainak kolpe itzela hartu dute. Nafarrak konortea galdu du baina bere onera itzuli da zelaian bertan. San Sebastian Erietxera eraman dute eta eskanerraren emaitzak edozein lesio garrantzitsu baztertu du. Hori bai, sudurreko berezko hezurretan ebakuntza egin diote erdilariari eta bertan pasatuko du gaua zaintzapean. Cuellarrek peronean hartu du min eta bihar jakingo du zenbat denbora egon beharko du zelaietatik kanpo.
Amaieran, 3 eta 0 San Mamesen. Jokatutako azken 9 puntuetatik 7 lortu dituzte zurigorriek eta tinko jarraitzen dute beheko postuetatik ihes egiteko bidean.
Erlazionatutako sarrerak